Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

92. zk., 2014ko maiatzaren 19a, astelehena


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

LEHENDAKARITZA
2158

1/2014 LEGEGINTZAKO DEKRETUA, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duena.

Eusko Legebiltzarrak apirilaren 15eko 1/2014 Legegintzako Dekretua, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen duena onartu duela jakinarazten zaie Euskadiko herritar guztiei.

Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeari buruzko urriaren 10eko 2/2013 Legearen azken xedapenetatik lehenengoan, Jaurlaritzari baimena ematen zaio lege hori indarrean jarri eta sei hilabeteko gehienezko epean testu bakar batean bateratzeko Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea eta hori aldatzen duten legeak; testu bategina onestea Naturzaintza - Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen ardura izango da. Testu bateginean, besterik gabe, aipatu legeak testu bakarrean bateratuko dira, eta, beharrezkoa denean, aldatu egingo dira artikuluen, kapituluen eta xedapenen zenbakiak; halaber, numerazio berrira egokituko dira bateratuko diren legeetako barne-bidalketak.

Beraz, testu berriak bateratu egiten ditu Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea eta haren aldaketa hauek: martxoaren 14ko 2/1997 Legea, Euskal Herriko Natura Babesteko Legea aldatzen duena; martxoaren 17ko 2/2011 Legea, Ehizarena; martxoaren 11ko 1/2010 Legea, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzekoa, eta urriaren 10eko 2/2013 Legea, Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeari buruzkoa.

Testuak emandako aukera baliatu dugu hemen, jatorrizko testua onartu zenean erabili zen sail jakinaren izen zehatzaren ordez esamolde hau sartzeko: «Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen saila».

Lege-testuaren euskarazko bertsioa ere eguneratu egin da. Izan ere, azken hogei urteetan (16/1994 Legea onartu zenetik), hizkuntzan teknikoki aurrerapen handia egin da gai horretako terminoetan.

Ondorioz, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuaren proposamenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoarekin bat, eta Gobernu Kontseiluak 2014ko apirilaren 15ean eginiko bilkuran eztabaidatu eta onartu ondoren, hauxe

XEDATU DUT:

Artikulu bakarra.– Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legea aldatzeari buruzko urriaren 10eko 2/2013 Legearen azken xedapenetatik lehenengoan ezarritakoarekin bat etorriz, Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Legearen testu bategina onartzen da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Euskal Herriko Natura Babesteko ekainaren 30eko 16/1994 Legeari buruz beste xedapen batzuetan egindako aipamenak hemen onartutako testuari buruz egindakoak direla jo behar da.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Legegintzako dekretu honi jarraiki onartutako testu bategina indarrean jartzen denetik, indarrik gabe geratuko da ekainaren 30eko Euskal Herriko Natura Babesteko 16/1994 Legea.

AZKEN XEDAPENA

Legegintzako dekretu honen bidez onartutako testu bategina Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean.

EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NATURA KONTSERBATZEKO LEGEARENTESTU BATEGINA
I. TITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

1. artikulua.– 1.– Lege honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoko natura babestea eta kontserbatzea da, horretarako oinarrizko printzipioak eta beharrezko bitartekoak jarririk, eta honako hauek ziurtatzeko asmoz:

a) Herritarrek natura-baliabideak modu egokian erabiltzea: hots, espezieen eta ekosistemen aprobetxamendua jasangarria izatea, eta haiek leheneratzea eta hobetzea bermatzea.

b) Natura-ekosistemen eta paisaiaren aniztasuna eta apartekotasuna zaintzea, eta interes geologikoa duten inguruak babestea.

c) Funtsezko prozesu ekologikoak eta basafauna eta basaflorako espezieen habitatak mantentzea, dibertsitate genetikoa bermatu ahal izateko.

d) Natura-ondareak berez ekoizteko duen ahalmena bere horretan mantentzea.

2.– Aurreko artikulu-zatikoak bete ahal izateko, lege hau Euskal Autonomia Erkidego osoan jarriko da indarrean, bere eskumenekoak diren lehorreko eta itsasoko eremuetan.

2. artikulua.– Aurreko artikuluan ezarritako helburuak lortu ahal izateko, Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioak arduratuko dira eskumena duten alorretan dauden natura-baliabideen kudeaketa honako printzipio hauek kontuan izanik eginarazteaz, edozein delarik ere horien titulartasuna eta lege-araubidea:

a) Natura-baliabideak modu egokian kudeatzea, gaur egungo belaunaldientzat ekonomian, gizartean eta ingurumenean ahalik eta etekinik handienak ekoizteko. Betiere, hurrengo belaunaldien beharrak eta asmoak bete ahal izateko adina egoteko moduan.

b) Lurra kontserbatu eta babestuz erabiltzea, emankortasuna gutxitu eta kaltetu gabe.

c) Horretarako baliagarri diren lurren nekazaritzako erabilera bermatzea. Ahalmen biologikoa eta ekoizteko ahalmena mantentzeko moduko nekazaritza-teknikak erabiliko dira (nekazaritzakoak, abeltzaintzakoak eta basogintzakoak), inguruko ekosistemekiko begirunez eta jabetzaren funtzio soziala aintzat hartuz.

d) Ur-baliabideak isurketetatik babestu egin beharko dira. Berez arazteko duten ahalmena kontserbatu eta hobetu behar da, eta fauna eta flora babestu.

e) Landaredia kontserbatu egin behar da: basoak, landare-multzoak, palaxuak eta ibaiertzetako flora batik bat. Mendiko baso-aprobetxamendua modu antolatuan egin beharko da, beharrizan sozioekonomikoen arabera, eta ekologian gutxieneko inpaktua sor dezakeen eremuetan bultzatu.

Landaredi barik utzi diren eraikuntza gabeko lursailetan albait lasterren aldatu beharko dira landareak, betiere eremuari dagozkion ezaugarriak aintzat hartuta.

f) Basafauna eta basaflora arretaz zainduko dira, natura-ondarearen zatitzat. Espezie mehatxatuak kontserbatzen eta berreskuratzen ahalegin berariazkoak egin beharko dira.

g) Itsas baliabideak denon aberasgarri dira, eta Euskal Autonomia Erkidegoaren zerbitzuan egon beharko dute. Hortaz, baliabideon erabilera, ekonomia-ustiaketa zentzuzko eta eraginkorraz, etekinik handiena lortzera bideratuko da. Ustiaketa, bada, espezieak kontserbatzea eta herriaren ongizatearen hazkundea bat etortzeko moduan egin beharko da.

h) Azpiegitura-obrek, eta eraikuntzek oro har, horien inpaktua onartzeko modukoa bada, natura eta paisaiari egokituak behar dute izan.

i) Natura aztertzea bultzatuko da eskola-umeengan, baita hezkuntza- eta zientzia-proiektuak gauzatzea ere, natura bera hobeto ezagutu eta kontserbatzeko.

j) Ingurune naturalaz kultura eta aisialdirako gune bezala baliatzea eta gozatzea bermatuko da.

k) Lege hau ezartzean gertatutako irabazi-murrizketen kalte-ordainak bermatuko dira.

3. artikulua.– Lege honen printzipioak eta helburuak aurrera eraman ahal izateko, honako berariazko bitarteko hauek ditugu:

a) Natura Baliabideen Antolamendu Plana.

b) Natura-gune babestuen izendapena.

c) Espezie Mehatxatuen Zerrenda.

II. TITULUA
NATURA-BALIABIDEEN ANTOLAMENDUA

4. artikulua.– 1.– Herri-administrazio eskudunek planifikatuko dute natura-baliabideen erabilera, horien kudeaketa lege honen I. tituluan adierazitako printzipio eta helburuetara egokitzeko asmoz.

2.– Planifikazio horren bitartekoak dira natura-baliabideen antolamendu-planak. Plan horiek honako xedapen hauek izango dituzte:

a) Antolatu behar den lurralde-eremuaren mugaketa eta bertako ezaugarri fisiko eta biologikoen deskripzioa eta interpretazioa.

b) Lurralde-eremu horretako natura-baliabideak, ekosistemak eta paisaiak zein egoeratan kontserbatu diren. Egoera horren diagnostikoa egin eta etorkizunerako aurreikusitakoa zehaztu beharko da.

c) Babestu beharrekoak diren gune eta espezieen kontserbazioaren arabera, eta lurraldeko zatiketaren arabera, erabilera eta jardueretarako ezarri behar diren muga orokor eta berariazkoak.

d) Lege honetan ezarritako zein babes-araubide aplikatu behar den, hala badagokio. Kasuan kasuko lurralde-mugak zehaztu behar dira.

e) Politika sektorialak bideratu eta jarduera ekonomiko eta sozial publiko nahiz pribatuak antolatzeko erreferentzia-irizpideak zein diren.

f) Ingurumen-inpaktuaren ebaluazioaren araubideari lotuta dauden jarduerak, obrak edota instalazio publiko nahiz pribatuak zein diren.

g) Antolamendu-plana ezartzeak ematen duen emaitzaren jarraipena egiteko plana.

5. artikulua.– 1.– Natura-baliabideen antolamendu-plan bakoitzak hura onartzeko arauan berariaz xedatutako indarraldia izango du.

2.– Natura-baliabideen antolamendu-planak beren onarpenerako jarraitutako prozeduraren bidez aldatu eta/edo gaurkotu daitezke, baldin plana idaztean nagusi izan ziren irizpide eta helburuak aldatzen badira, edota baldin antolatzekoak ziren lurralde-eremuen egoera ekonomiko, sozial edo naturalek hartara behartzen badute, eta baita Jarraipen Planak aholkatzen badu ere.

6. artikulua.– 1.– Natura-baliabideen antolamendu-planen ondorioak norainokoak izango diren, beren onarpen-arauek ezarriko dute.

2.– Natura-baliabideen antolamendu-planak nahitaezkoak eta bete beharrekoak izango dira lege honetan araututa dauden gaietan, eta beren xedapenek lurralde-antolamendurako zein antolamendu fisikorako diren beste edozein bitarteko mugatzen dute. Era berean, azken horien xedapenek ezin izango dituzte lege honetakoak aldatu. Dauden lurralde-antolamendurako edota antolamendu fisikorako bitartekoak, natura-baliabideen antolamendu-planekin bat ez badatoz, horietara egokitu beharko dira behin betiko onartzen direnetik urtebete baino lehenago.

Egokitzapena bete bitartean, plan horietako xedapenak ezarriko dira, eta, betiere, dauden lurralde-antolamendurako edota antolamendu fisikorako bitartekoen gainetik egongo dira.

3.– Orobat, aipaturiko planok erakusle izango dira beste edozein jarduera, plan edo programa sektorialetan, eta beren xedapenak besterik ezean ezarriko dira, aurreko artikulu-zatian jasotakoa betetzeari utzi gabe.

7. artikulua.– Natura-baliabideen antolamendu-planak eratu eta onartzeko prozedura honako arau hauetan zehazturikora egokituko da:

a) Natura-baliabideen antolamendu-planak eratu eta onartzea Eusko Jaurlaritzari dagokio.

Behin prozedura hasita, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak, ofizioz edota alderdiren batek eskatuta, planaren aurreko agiria idatziko du. Bertan, dagokion lurralde-eremuko natura-baliabideak antolatzeko helburuak eta jarraibideak zehaztuko dira.

Esandako prozedura bultzatzeko ekimen publiko edo pribatuak sail horrek bideratu beharko ditu. Ekimen horietan, gutxienez, dagokion lurralde geografikoa zein den zehaztuta agertuko da; bai eta proposatzailearen ustez plana eratzeko dauden arrazoiak azaltzen dituen txostena ere.

b) Agiri horri buruz, dagokien foru-aldundiek txostena egin beharko dute aldez aurretik. Ondoren, pertsona interesdun guztiei entzuteko izapidea bete beharko da (dela eremu horretako interes sozialen titularrei, dela 2. artikuluko printzipioak bete nahi dituzten elkarteei, dela antolatzekoa den lurralde-eremuko udalei eta udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeei).

c) Aurreko izapidea bete ondoren, eta hilabete baino lehenago Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen txostena jasotakoan, agiri horrek hasierako onespena izango du, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailburuaren aginduz.

d) Natura Baliabideen Antolamendu Planari hasierako onespena eman ondoren, jendaurrean jarriko da hirurogei egunetan.

Idatzi duen sailak, jendaurrean jartzearen emaitzak ikusirik, behin-behineko onespena emango du, legozkiokeen aldaketak kontuan hartuta. Aldaketok hasieran onetsitako planean irizpideen eta irtenbideen funtsezko aldaketa ekarriko balute, berriro bete beharko litzateke jendaurrean jartzeko izapidea, behin-behineko onespena eman aurretik, aurreko aldiko baldintza berberetan.

e) Behin-behineko onespena emanda, Natura Baliabideen Antolamendu Planak Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamendurako Batzordearen txostena jaso beharko du. Espedientea jaso eta handik hiru hilabetera emango da aditzera aipatu txostena.

Natura Baliabideen Antolamendu Plana Natura Gune Babestuen Sarean bildu ez den baina Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan sarturik dagoen gune bati badagokio, batzordearen txostena loteslea izango da proposaturiko mugaketari dagokionez.

f) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailaren proposamenari jarraituz, Eusko Jaurlaritzari dagokio Natura Baliabideen Antolamendu Plana behin betiko onestea. Onespena Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den dekretuaren bidez egingo da.

g) Natura Baliabideen Antolamendu Planaren onespenak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroak aldatuko balitu, horiek egokitu beharko lirateke aipatu antolamendu-planean ezarritakora, Euskal Herriko Lurralde Antolakuntzari buruzko Legean ezarritako prozeduraren arabera.

8. artikulua.– Litekeena da Natura Baliabideen Antolamendu Planak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroetan zehaztuta dagoen Natura Gune Babestuen Sarean jasota ez dagoen gune bati eragitea. Halakoetan, aurreko artikuluan ezarritako prozedura betetzeko, beharrezkoa litzateke, aldez aurretik, Gobernu Kontseiluak Lurralde Antolamenduaren Gidalerroen aldaketa egokia onartzea, bi bitarteko horiek bat datozela ziurtatzeko.

Gobernu Kontseilurako proposamena batera egingo dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean gai horretan eskumena duten sailek.

9. artikulua.– 1.– Natura-baliabideen antolamendu-plan bat onartzeko prozedurari ekin ondoren, ezin izango dira egin planaren helburuak betetzeko oztopo txiki nahiz handi izan daitezkeen ekintzak, baldin eta horiek eraldaketa nabarmena eskatzen badute errealitate fisiko eta biologikoan.

2.– Prozedurari ekiteko erabakia hartu ondoren, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko den natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailburuaren aginduz, ezin izango da eman errealitate fisikoa eta biologikoa eraldatzeko ekintzak ahalbidera ditzakeen inolako baimen, lizentzia edota emakidarik, plana kudeatzeko eskumena duen foru-organoaren onespen-txostena ez badu behinik behin. Txosten hori ezezkoa izango da, baldin eta hartara bideratutako espedientean ziurtatzen bada aipatu ekintzek ezinezko edo nabarmenki zail bilakatuko luketela planaren helburuak lortzea.

3.– Baimena eman duen administrazioak, ofizioz edo aurreko artikulu-zatian aipatutako foru-organo eskudunaren eskariz, foru-organo horri berorri eskatuko dio hilabete baino lehenago txosten hori egitea eta izapidetutako espedientearen kopia bidaltzea.

4.– Baimen, lizentzia edo emakida emateko prozedurak aurrera jarraitzea eragozten duen aipatu espedienteko ebazpenaren aurka, indarrean dagoen legeriak ezartzen dituen errekurtsoak jarri ahal izango dira.

5.– Foru-organo eskudunak ekintza materialak edota egitezkoak geldiaraziko ditu, baldin horien berri badu eta lehenengo artikulu-zatiko egoerak suertatzen badira.

III. TITULUA
NATURA-GUNE BABESTUAK
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

10. artikulua.– Natura-gune babestu izenda daitezke honako baldintza hauetako bat edo batzuk betetzen dituzten inguruak:

a) Erkidegoko ekosistemen, paisaien edo formazio geologiko zein geomorfologikoen erakusgarri izatea.

b) Ekosistemen egungo egoera kontserbatzeko eragin nabaria izatea: hots, prozesu ebolutiboen jarraipena, espezieen migrazioak eta ingurune naturalaren funtzioen orekaren jarraipena ziurtatzea.

c) Oinarrizko prozesu ekologikoak mantentzeko garrantzi handiko egitekoa betetzea.

d) Leku horrek landare- eta animalia-komunitateak kontserbatzeko aukera eskaintzea, horrela edozein espezie galtzea eragotziz edo material genetikoaren lagin bereziak mantenduz.

e) Toki horrek galtzeko mehatxupean dauden edo nazioarteko hitzarmen edo berariazko xedapenen bidez babes berezia eman zaien habitat naturalen laginak egoera onean kontserbatzea.

f) Espezie mehatxatutzat zerrendatutako animalia- edo landare-populazioak nahiz nazioarteko hitzarmenen edo berariazko xedapenen arabera babes berezia behar dutenak izatea bertan.

g) Bakanak edo apartekoak diren elementu naturalak edukitzea.

h) Aukera ematea ikerketa zientifikorako, ingurune naturalaren interpretaziorako edo ingurumeneko parametroen azterketa eta kontrolerako.

i) Ezaugarri ekologiko egokien jabe eta eremuko garapen antolatuaren elementu suspertzaile direla eta, inguruko populazio eta komunitateen aurrerapenean lagundu ahal izatea.

j) Natura-guneko balio kultural, historiko, arkeologiko eta paleontologikoak oinordetza kulturalaren balio handiko erakusgarri izatea.

k) Edertasun bereziko edo balio kultural handiko landa-paisaia osatzea, edota paisaia orokorraren barnean elementu apartekoak eta erakusgarriak izatea.

II. KAPITULUA
NATURA GUNE BABESTUEN SAREA

11. artikulua.– 1.– Lege honen arabera ezarritako natura-gune babestuek osatuko dute Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Gune Babestuen Sarea, eta honako helburu hauek izango ditu:

a) Natura-gune babestuen kudeaketarako sistema orokorrak koordinatzea.

b) Natura-gune babestuak kanpoan ezagutaraztea, era homogeneo eta bateratuz.

c) Natura-guneak eta basabizitza kontserbatzeari buruzko estatuko eta nazioarteko programetan esku hartzea.

d) Informazioa trukatzea beste sare edo babes-sistema batzuekin; halaber, baita natura babestu eta kontserbatzeko sortutako nazio zein nazioarte mailako erakundeekin ere.

2.– Aurreko artikulu-zatian ezarritako helburuak betetzeko eginbeharrak Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta natura-gune babestuak kudeatzeko ardura duten foru-organoekin koordinatuko da.

12. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Gune Babestuen Sarearen Erregistroa sortzen da. Bertan, autonomia-erkidegokoak diren gune guztiak sartuko dira.

2.– Orobat, lurralde historiko bakoitzean Natura Gune Babestuen Erregistroa sortuko da. Bertan, kudeatzea dagokien natura-gune babestu guztiak sartuko dira.

3.– Erregistroak publikoak izango dira, izaera administratiboa izango dute, eta funtzio informatiboa.

4.– Sareko natura-guneak erregistroan jasotzea administrazioak ofizioz egingo du, eta ondoren zehazten den gutxieneko informazioa jaso beharko da:

a) Izendatzeko lege-araua.

b) Lurralde-eremuaren hitzezko mugaketa eta mugaketa kartografiko zehatza.

c) Lurraldearen informazio administratibo eta legezkoa.

d) Dagokion planifikazio-, antolamendu-, erabilera- eta kudeaketa-bitartekoa.

III. KAPITULUA
NATURA-GUNE BABESTU MOTAK

13. artikulua.– Natura-gune babestuek honako maila hauetako bat izango dute:

a) Natura-parkea.

b) Biotopo babestua.

c) Zuhaitz apartekoa.

d) Europako Natura 2000 Sarean sartutako eremu edo lekua (Batasunaren garrantzizko lekuak –BGL–, kontserbazio bereziko eremuak –KBE– eta hegaztientzako babes bereziko eremuak –HBBE–), a), b) eta c) aurreko kategoriekin eremuz, osoki edo partzialki, batera suertatzen bada ere.

14. artikulua.– Natura-parkeak gizakiaren ustiaketa eta presentziak asko eraldatu ez dituen inguruak dira. Paisaien edertasunak eta ekosistemen izaera erakusgarriak, edota flora, fauna nahiz formazio geomorfologiko apartekoak bereizten ditu. Hala, bada, herri-agintaritzaren aldetik lehentasunezko ekintza-bideak behar dituzte, bi helburu bateratu ahal izateko: batetik, natura-baliabideen aprobetxamendu antolatua eta erabilera publikoa; eta, bestetik, balio ekologiko, estetiko edo heziketakoak kontserbatu edo berreskuratzea.

15. artikulua.– Biotopo babestuak, lege honen ondorioetarako, oinarrizko legeetan natura-erreserba, natura-monumentu eta paisaia babestu izena ematen zaien natura-guneak dira. Bakan, hauskor, garrantzitsu edo aparteko izateagatik balioespen berezia merezi duten ekosistemak, komunitateak, elementu biologikoak, interes geologikoa duten inguruak eta ingurune naturaleko leku jakinak eta formazio apartekoak, bakanak, bereziki ederrak edo interes zientifiko nabarikoak babesteko sortuak dira biotopo babestu horiek.

Biotopoetan, mugatu egingo da baliabideen ustiaketa, salbu eta batera lor badaitezke babestu nahi diren balioak kontserbatzea eta ustiaketa bera.

16. artikulua.– Zuhaitz aparteko, ezaugarri ezohiko edo nabarmenengatik (tamaina, adina, historia, edertasuna, kokapena, eta abar dela eta) babes berezia merezi duten zuhaitz-aleei deritzegu.

17. artikulua.– Europako Natura 2000 Sarean sartutako eremu edo lekuak dira xedapen hauei jarraiki izendatutakoak: Habitaten 92/43/EEE Direktiba, Hegaztien 2009/147/EE Direktiba eta Espainiako legerian horien transposizioa den Natura Ondarearen eta Biodibertsitatearen abenduaren 13ko 42/2007 Legea.

18. artikulua.– Natura-gune babestuetako zenbait figura leku berean gainezarriko balira, horien arauak zein plangintza-mekanismoak dokumentu bakar batean koordinatu beharko dira, eremuaren kudeaketa-planean, kategoria bakoitzaren arabera aplikatu daitezkeen araubideek osotasun koherente bat osatzeko helburuarekin.

IV. KAPITULUA
NATURA-GUNE BABESTUAK IZENDATZEA

19. artikulua.– 1.– Natura-gune babestuak Eusko Jaurlaritzaren dekretuz izendatuko dira, Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeak aldez aurretiko txostena egin ondoren.

2.– Natura-gune babestuetan, babeserako eremu periferikoak jarriko dira, ekologian eta paisaian kanpoko inpaktuak saihestearren. Orobat, eremuotan, helburuak bete ahal izateko beharrezko mugak ezar daitezke.

3.– Natura-gune babestu bat izendatzean, lege honetan bertan ezarrita dauden motetako bat hartuko du. Hala eta guztiz ere, natura-gune babestu izendatze horrek ez du galarazten bertako zenbait ingurutan beste mota batekin bat letozkeen babesguneak sortzea.

4.– Natura-gune babestuen mugetan eta horien afektazio-eremuetan ezin izango dira egin zaindu nahi diren ingurumen-balioekin bateraezinak diren erauzte-jarduerak.

Natura-gune babestu bakoitzaren plangintza- eta/edo kudeaketa-bitartekoak izango dira bateraezintasuna xedatuko dutenak, behar den bezala arrazoituz jarduera horiek eremu horien eta dagozkien afektazio-eremuen ingurumen-balioekin eta babesteko irizpideekin duen bateraezintasuna.

Edonola ere, jarduera horiek bateragarriak direnean zaindu nahi diren ingurumen-balioekin, natura-gune babestuetako erauzte-jarduerak egiteko proiektuek, beren osotasunean, hau da, bai erauzte-lanak bai instalazioek, beharrezkoa den ingurumen-inpaktuaren banakako ebaluazioa bete beharko dute. Ebaluazio horrek aurreko egoerara leheneratzeko eta lehendik zeuden ingurumen-balioak berreskuratzeko lan guztiak jaso beharko ditu.

20. artikulua.– Natura-parkea izendatzeak eremu horretako Natura Baliabideen Antolamendu Plana aldez aurretik eratzea eta onartzea eskatzen du. Halaber, biotopo babestuak izendatzeko ere baldintza hori berori eskatuko da. Biotopo babestuak ekosistemak, komunitateak edo elementu biologikoak babestearren sortuak dira. Babesgai horiek, betiere, beren bakantasuna, hauskortasuna, garrantzia edo apartekotasuna dela eta, balioespen berezia merezi beharko dute, aldez aurretik egindako txostenaren arabera.

21. artikulua.– Biotopo babestu edo zuhaitz apartekoen izendapenak horiek era egokian babesteko beharrezkotzat jotzen den mugaketa geografikoa eta horietan eragina izan dezaketen erabilera eta jarduerak araupetzeko araudia izango ditu. Izendatze-dekretua egiteko prozeduraren barruan, pertsona interesdunei entzun beharko zaie; eta, halaber, kontsultatu egin beharko zaie eragindako interes sozial eta instituzionalen titularrei, eta horien lankidetza lortzen saiatu.

22. artikulua.– 1.– Eusko Jaurlaritza izango da Batasunaren garrantzizko lekuak proposatuko dituena, eragindako herri-administrazioen eta sektore sozial zein pertsona interesdunen parte-hartze egiazko eta eraginkorra ziurtatuz prozeduran. Aukeraketa hori 92/43/EE Direktibaren III. eranskinean datozen irizpideetan eta dagokion informazio zientifikoan oinarrituta egingo du.

2.– Natura 2000 Sareko lekuak izendatzeko prozedurek eragindako herri-administrazioen zein pertsona interesdunen parte-hartze egiazkoa eta eraginkorra bermatuko dute.

3.– Txostenak, bere tramitazioaren hasierako faseetatik hasita, memoria ekonomiko bat izango du, zeinak espresuki jasoko dituen 92/43/EE Direktibaren 8. artikuluan jasotako baterako finantzaketa komunitarioaren arabera beharrezkotzat hartzen diren aurreikuspenak.

4.– Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztientzako babes bereziko eremuak (HBBE) izendatzeko dekretuek halabeharrez izan beharko dituzte honako hauek: lekuaren eta bere mugaketaren kartografia, izendapena arrazoitzen duten Batasunaren intereseko habitat motak eta animalia- eta landare-espezieak, horien kontserbazio-egoerari buruzko balorazio bat, lekuaren kontserbazio-helburuak eta jarraipen-programa bat.

5.– Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) eta hegaztien babeserako eremu bereziak (HBBE) izendatzeko dekretuek kontuan hartuko dituzte Eusko Jaurlaritzak eremu horiek kontserbatzeko sortutako arauak. Eusko Jaurlaritzak eremu horiek kudeatzeko jarraibideak eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du.

Lurralde historikoetako foru-organoek kudeaketa-jarraibideak onartuko dituzte, kontserbazio-helburuak oinarri hartuta, honako hauek jasoko dituztenak: eremuak kontserbazio-egoera egokian mantentzeko neurri egokiak, habitat naturalak eta espezieen habitatak hondatzea ekiditeko neurri egokiak eta inguru horien izendapena bultzatu duten espezieei eragiten dieten aldaketak ekiditeko neurriak. Plan horiek bereziki aintzat hartu beharko dituzte azalera osoa zein bere lurzoruaren zati handi bat leku horietan daukaten udalerrien beharrak. Baldintza horien arabera egingo diren jarraibideak Eusko Jaurlaritzan eskumena duen sailari bidali beharko zaizkio, dagokion izendatze-dekretuaren eranskin gisa argitara ditzan.

6.– Kontserbazio bereziko eremuek (KBE) eta hegaztien babeserako eremu bereziek (HBBE) natura-parkeekin bat egingo balute, horiek izendatzeko dekretuek 18. artikuluak ezarritakoa kontuan izan beharko dute.

23. artikulua.– 1.– Gune bat babestu izendatzeak bere erabilera publikoa dakar berekin, bai eragindako ondasun eta eskubideak desjabetzeari dagokionez, bai, babesturiko lurretako zatiek pertsona bizien arteko kostubidezko eskualdatzeak izatean, administrazio kudeatzaileak lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideak gauzatzeari dagokionez.

2.– Aurreko artikulu-zatian ezarritako lehentasunez erosteko eta atzera eskuratzeko eskubideez baliatzea erregelamendu bidez arautuko da.

3.– Nahitaezko desjabetzearen legerian ezarri bezala, jabetza pribatuaren edo ondare-eskubide eta ondare-interes legitimoen banakako gabetzeak, edozein delarik ere gauzatzeko modua, berekin dakar, titularrentzat, dagokien kalte-ordaina lortzeko eskubidea.

4.– Natura-gune babestuak mantentzen lagundu eta eragindako herriei ordaina emateko, eragin sozioekonomikoko esparruak ezarriko dira. Esparruok natura-gunea dagoen udalerrietan kokatuko dira, bai eta babeserako eremu periferikoetan ere, horrelakoak baldin badaude.

5.– Herri-administrazio eskudunek 36. artikuluak aipatutako jarduketa-programak egingo dituzte eragin sozioekonomikoko esparruetarako.

6.– Natura-gune babestuek osotara edo zati batez beren barruan hartzen dituzten toki-erakundeei besteei baino lehenago emango zaie eremu horiek kudeatzeko eman beharreko zerbitzuen emakida.

V. KAPITULUA
MUGAKETA ETA ERAGINAK

24. artikulua.– 1.– Natura-gune babestuen mugaketa administrazioak ofizioz hitzartu eta gauzatuko du, edo zuzenean eragiten dielako baldintza egiaztatzen duten erakunde edo herritarren eskari arrazoituz.

2.– Lurren mugaketa baino lehen, gutxienez hamabost egun aurretik, administrazio esku-hartzaileak mugaketa hori iragarri egingo du (dagokion lurralde historikoko aldizkari ofizialean argitaratu eta dagokien udal eta toki-erakundeetan legezko abisua jarriz), interes legitimoa duten pertsonak mugaketara aurkeztu ahal daitezen.

3.– Natura-gune babestuetan mugarriak jartzea, beharrezkoa balitz, behin-behinekotasunez egingo da muga-lerroari jarraituz.

4.– Natura-gune babestuen mugak herri-basoekin, itsaso eta lehorraren arteko jabari publikoarekin edo udal-lurren mugekin berariaz bat etorrarazi direnean, kasu bakoitzerako dagoen mugaketa-araudi zehatza ezarriko da.

5.– Natura-gune babestuetako muga barruetan dauden lurrek nahitaezko zorra izango dute ezagutaraziko dituzten seinaleak jartzeko.

6.– Seinaleak jartzeko zorrak, zorraren mende diren lursailei, batetik, igarobidea uzteko betebeharra dakarkie; eta bestetik, seinaleok ezarri, kontserbatu eta erabiltzeko lanak egiten uzteko betebeharra.

7.– Zorra izendatu eta ezartzeko, nahikoa titulu izango da dagokion espedientea izapidetu eta ebaztea. Espedientean, pertsona interesdunei entzunda, zorra ezartzeko komenigarritasunaren eta behar teknikoaren arrazoiak emango dira.

8.– Nahitaezko desjabetzearen legerian ezarri bezala, seinaleak jartzeko zorra ezartzeak berekin dakar dagokion kalte-ordaina.

VI. KAPITULUA
KUDEAKETA

25. artikulua.– 1.– Foru-organo eskudunek kudeatu beharko dituzte natura-gune babestuak. Kudeaketa hori lege honek ematen dituen printzipioen eta bere oinarrizko xedapenen araberakoa izango da, foru-administrazio eskudunak oro har eta berariaz xedatutako era eta administrazio-bideak erabiliz.

2.– Natura-gune babestu bat lurralde historiko bi edo gehiagotan hedaturik egonez gero, kudeaketa foru-administrazio eskudunek xedatutako moduan gauzatuko da.

26. artikulua.– Natura-guneak kudeatzeko organoek honako eginkizun hauek bete beharko dituzte:

a) Urtero kudeaketaren aurrekontua eta programa eratzea. Natura-parkeen kasuan, horien onarpena patronatuak eman beharko du, 34. artikuluan ezarrita dagoenaren arabera. Agiri horietan, dauden natura-baliabideen antolamendu-planen xedapenak aurrera eramatea ezarri beharko da.

b) Bertako zerbitzuetatik jasotako fondoak eta kanpotik jaso ditzaketen baliabideak administratzea.

c) Natura-gune babestuen babeserako arauak gune horien barruan bete daitezen zaintzea. Babeserako arau horiek Natura Baliabideen Antolamendu Planean edo, hala badagokio, natura-gune babestuaren izendatze-arauan ezarrita daudenak dira. Orobat, natura-gunea kudeatzeko organoak bidezko diren txosten eta baimenak egin beharko ditu.

d) VI. tituluan ezarritako zehatzeko ahala erabiltzea.

e) Indarrean dagoen legerian, natura-baliabideen antolamendu-planetan eta erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planetan ezarrita dagoen beste edozein eginkizun.

27. artikulua.– Behin gune bat natura-parke izendatuta, eta dagokion Natura Baliabideen Antolamendu Plana onartu eta urtebetera, haren jarraibideekin bat etorriz, erabilera eta kudeaketa zuzentzeko plan bat eratuko da. Plan horrek, gutxienez, honako eduki hau izango du:

a) Dagokion natura-gunea kudeatzeko arau, jarraibide eta irizpide orokorrak.

b) Natura-gunean egingo diren ekonomia- eta aisialdi-jarduerak antolatzeko arauak.

c) Inguru horretako babesa, kontserbazioa, ikerkuntza, naturaren fenomenoen interpretazioa, ingurumen-heziketa, erabilera publikoa, bisitariek gozatzea eta parkeko bertako edo haren eraginpeko eremuko komunitateen aurrerapen sozioekonomikoa kontuan hartuz, eremuari dagozkion helburu zehatzak garatuko dituzten programak eratzeko jarraibideak.

d) Parkearen sorreraren arrazoi izan ziren kontserbazio-helburuekin bat etorriz, beharrezkotzat jotzen den beste edozein puntu.

28. artikulua.– Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planek bost urteko indarraldia izango dute. Behin epe hori bukatuz gero, lege honetan ezarritako onartze-izapideei jarraiki berraztertuko dira nahitaez.

29. artikulua.– Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planak eta haien aldaketak eratzeko eta onartzeko prozedura honako hau izango da:

a) Hasierako agiria kudeaketaren arduradun den foru-organoak eratuko du.

Agiri hori udalen, udalerria baino lurralde-eremu txikiagoko erakundeen, eremuko interes sozialak ordezkatzen dituzten elkarteen eta Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearen txostenen mende jarriko da. Gehienez bi hilabeteko epean egin beharko dira txosten horiek.

b) Aurreko izapidea bete ondoren, plana egin duen foru-organoak natura-parkearen patronatuaren esku jarriko du plana onartzea.

c) Patronatuak behin proiektua onartu ondoren, edo bi hilabeteko epean plan osoaren edo zatiren baten aurka agertu ez bada, foru-organoak onartu egingo du Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana. Hasierako onespena izango da.

d) Behin hasierako onespena eman ondoren, Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Plana hirigintza alorrean eskumena duten Eusko Jaurlaritzako organoaren eta dagokien foru-aldundietako organoen nahitaezko txostenen mende jarriko da. Txosten horiek hilabeteko epean egin beharko dira.

e) Foru-organo eskudunak parkearen helburu zehatzak garatzeko programak egiteko jarraibideak eta parkearen kudeaketarako jarraibide, irizpide eta jokamolde orokorrak behin betiko onartuko ditu, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailari aurkeztuko dio plana. Sail horrek Eusko Jaurlaritzari aurkeztuko dio, araubidezko atala dekretuz onar dezan.

f) Erabilera eta Kudeaketa Zuzentzeko Planaren araubidezko atala onartzen duen dekretuak foru-organo eskudunak onartutako jarraibide, irizpide eta jokamoldeak plan horren eranskin gisa argitaratzeko agindua emango du.

VII. KAPITULUA
NATURZAINTZA-EUSKAL AUTONOMIA ERKIDEGOKO NATURA KONTSERBATZEKO AHOLKU BATZORDEA

30. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailari atxikirik, Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordea sortuko da, alor horretan aholku emateko kide anitzeko lankidetza-organo delarik.

2.– Honako hauek dira Naturzaintzaren eginkizunak:

a) Natura-gune babestuen kudeaketaren emaitza eta estrategiari buruz, urtero txostena egitea.

b) Naturzaintzari dagozkion alorretako txosten eta irizpenak egitea eta proposamenak aurkeztea, bai bere ekimenez, bai Legebiltzarrak, Eusko Jaurlaritzak edo foru-aldundiek hala eskatuta.

c) Lege honen aginduekin bat etorriz, natura-gune babestu berriak izendatzeko proiektuei buruzko txostenak egitea.

d) Eusko Jaurlaritzaren ustez ingurune naturala babestearen alorrean garrantzi nabarmena duten lege-aurreproiektuei buruzko txostenak egitea.

e) Autonomia-erkidegoko natura-gune babestuak hobeto babestea eta kudeatzea ekarriko duten ekintzak proposatzea.

f) Lurraldearen kudeaketan ardura duten administrazioen arteko koordinazioa sustatu eta laguntzea, baliabideek babes handiagoa izan dezaten.

g) Natura kontserbatzeko, ikerketa zientifikorako eta naturaren zabalkunde eta hedapenerako heziketa sustatzea.

3.– Txostenak ematea eta gomendioak eta proposamenak egitea ez dira lotesleak izango.

4.– Naturzaintza, erakundeetako ordezkariek zein ingurune naturalaren ezagutza, ikerketa, babes eta kudeaketaren alorretan izen handiko aditu direnek osatuko dute.

Honela osatuko da:

a) Natura-gune babestuek hartzen dituzten udal edo toki-erakundeen lurralde historikoko ordezkari bana.

b) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen saileko ordezkari bat.

c) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean nekazaritzaren gaian eskumena duen saileko ordezkari bat.

d) Euskal Herriko Unibertsitateko ordezkari bat.

e) Foru-aldundietako ordezkari bana.

f) Autonomia-erkidegoan natura kontserbatzea eta ikertzea helburu duten elkarteen ordezkari bat.

g) Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak izendatutako eta izen handiko hiru aditu.

h) Euskal Autonomia Erkidegoko nekazaritza-sindikatuen ordezkari bat.

i) Euskal Autonomia Erkidegoko baso-zaleen elkarteetako ordezkari bat.

5.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailburua edo hark izendatutako ordezkaria izango da Naturzaintzako buru.

6.– Naturzaintzak bere barne-jarduerarako erregelamendua eratuko du.

VIII. KAPITULUA
PATRONATUAK

31. artikulua.– 1.– Natura-parkeetan patronatu izeneko aholkua emateko eta laguntzeko organoa egongo da, natura-parkeko kudeaketa-organoaren barruan egongo dena.

2.– Patronatuek osoko bilkuraz eta batzorde iraunkorraz jardun ahal izango dute.

32. artikulua.– Honako hauek dira patronatuaren eginkizunak:

a) Natura-gune babestuaren alde, beharrezko jotzen dituen adina kudeaketa sustatu eta egitea.

b) Natura-gunean ezarritako arauak betearazteaz arduratzea.

c) Erabilera eta kudeaketa zuzentzeko planen proiektuak eta horien gainean egindako zuzenketak onartzea.

d) Urteroko kudeaketa-programak onartzea.

e) Inbertsio eta jardueren urteko aurrekontua eta programa onartzea.

f) Zuzendari-kontserbatzaileak eratutako jarduera eta emaitzen urteroko txostenak onartzea, disfuntzioak zuzendu edo kudeaketa hobetzeko beharrezko jotzen dituen neurriak proposatuz.

g) Natura-parkeetako eragin sozioekonomikoko esparruetan ordaina emateko egin behar diren ekintzen proiektuei buruzko txostenak egitea.

h) Natura-parkeak kontserbatu, hobetu eta ezagutzeko zein eremuko ekonomia eta gizartea garatzeko beharrezko jotzen dituen neurriak proposatzea.

i) Natura-parkeko balioen ikerketa, zabalkunde eta gozamenerako jarduerak sustatu eta bultzatzea.

j) Zuzendari-kontserbatzailearen urteroko txostenak oinarri dituela, Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordearentzat urteroko laburpen-txostena eratzea, natura-gune babestuko estrategia eta emaitzen kudeaketari buruz.

k) Barne-araubidea onartu eta aldatzea.

l) Batzorde iraunkorraren esku uztea beharrezko jotzen dituen eginkizunak.

m) Organo eskudunei lege honen helburuetarako izenpetu behar diren lankidetza-hitzarmenak egitea proposatzea.

33. artikulua.– Natura-parkeen izendatze-dekretuan garatuko da patronatua nola osatuko den, eta bertan zehaztuko dira batzorde iraunkorra nola osatu eta zein eginkizun izango dituen.

Patronatuak, gutxienez, honako ordezkari hauek osatuko dituzte: Eusko Jaurlaritzakoek, dagokien foru-aldundietako natura-parkeen kudeaketarako sailetakoek, dagokien udal eta toki-erakundeetakoek, eragindako eskubideen titularrek, ingurumenaren ikerketa eta babesean ibilbide sendoa egindako elkarteetakoek, nekazari-sindikatuetakoek eta baso-jabeen elkarteetakoek.

IX. KAPITULUA
ZUZENDARI-KONTSERBATZAILEA

34. artikulua.– Administrazio kudeatzaileak natura-gune babestuen kudeaketaz arduratuko den zuzendari-kontserbatzaile bat izendatuko du.

Zuzendari-kontserbatzaileak zenbait natura-gune babesturen ardura eduki ahal izango du.

Honako eginkizun hauek ditu:

a) Natura-gune babestuaren antolamendu-bitartekoak sustatu eta ezartzea, horretarako beharrezkoak diren jarduerak eginez.

b) Administrazioek ingurune fisikoan egiten dituzten eta natura-gune babestu bateko natura-baliabideei eragin diezaieketen jarduerei dagokienez, laguntzea eta nahitaez txostenak egitea.

c) Inbertsio eta jardueren urteroko aurrekontua eta programa eratzea eta, behin onartuta, betetzeari ekitea.

d) Parkearen onurarako izango diren jarduerak sustatzea.

e) Jarduera eta emaitzen urteroko txostena egitea.

f) Parkeko kudeaketa-organoak jartzen dizkion eginkizun guztiak.

X. KAPITULUA
FINANTZABIDEA ETA GARAPEN SOZIOEKONOMIKOA

35. artikulua.– 1.– Honako hauek izango dira, besteak beste, natura-gune babestuen planifikazioa, antolamendua, babesa, erabilera eta kudeaketa betetzea bermatuko duten finantzabideak:

a) Euskal Autonomia Erkidegoaren aurrekontu orokorretan zehaztuta dauden diru-kopuruen artetik, Natura Guneen Sarearen ikerketa, koordinazio eta zabalkundea eta naturaren ezagutza sustatzeko finantzabidera zuzenduta dauden diru-kopuruak.

b) Natura-gune babestuen kudeaketarako foru-organo eskudunek zehazten dituzten diru-kopuruak.

c) Beste herri-administrazioetatik datozen baliabideak.

d) Europako fondoetatik natura kontserbatzeko programetarako etor daitezen baliabideak.

e) Pertsona fisiko edo juridikoen ekarpen edo emariak.

2.– Lege hau betearazteko xedez, herri-administrazioek, eskudun diren esparruan, lankidetza-hitzarmenak egin ahal izango dituzte.

36. artikulua.– 1.– Herri-administrazioek (eskudun diren esparruaren barruan eta aldez aurretik Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeak txostena eginda, eta aurrekontuetan erabili ahal dutenaren arabera) garapen sozioekonomikorako programak ezarriko dituzte natura-gune babestuetako lurralde-eremuetan zein babeseko eremu periferikoetan dauden biztanleentzat, horretarako beharrezkoak diren diru-laguntza eta sariak ezarriz.

2.– Programok honako helburu hauek izango dituzte:

a) Azpiegiturak sortu eta egoki diren zerbitzu- eta hornidura-mailak lortzea.

b) Jarduera tradizionalak hobetu eta, beharrezkoak diren ordainen bidez, natura-baliabideak kontserbatzeko eskakizunekin bat datozen jarduerak sustatzea.

c) Bertako biztanleak natura-gunearen babes eta kudeaketak sortutako jardueretan integratzea.

d) Landako etxebizitzak birgaitu eta ondare arkitektonikoa kontserbatzea.

e) Kultura, zientzia, pedagogia eta aisialdiko ekimenak suspertzea.

IV. TITULUA
FAUNA ETA FLORA
I. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK

37. artikulua.– Titulu honetan xedatutakoak araupetuko du Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldean basafauna eta basaflora kontserbatzea, babestea eta, hala egokituz gero, berreskuratzea (1.2 artikulu-zatian ezarritakoarekin bat etorriz), eta beren habitatak zaintzea. Betiere, nazioarteko hitzarmen eta itunetako erabakien mendean, bai eta estatuko eta Europako Erkidegoko xedapenen mendean ere.

38. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioek natura-ondarearen dibertsitate genetikoa zaintzeko egingo duten jardunak honako irizpide hauek izango ditu oinarri nagusi:

a) Espezie bakoitzaren habitat naturala kontserbatzeko eta zaintzeko neurriei lehentasuna ematea, toki horretatik kanpo neurri osagarriak ezartzeko aukera ere kontuan hartuz.

b) Autoktonoak ez diren espezie, subespezie edo arraza geografikoak modu orekatuan sartzea eta ugaltzea. Eta ekintza horiek ekiditea, autoktonoekiko lehia sor dezaketen neurrian edota horien garbitasun genetikoa zein oreka ekologikoak aldatu ahal dituzten neurrian.

c) Endemikoak diren espezie eta subespezieei, banaketa-eremua oso mugatua edo dentsitate txikia dutenei edota migratzaileak direnei ematea lehentasuna.

39. artikulua.– Aurreko artikuluko printzipioak betearazteko fauna eta florarentzat erabateko garrantzia duten paisaiaren elementuen kudeaketa zuzena sustatuko da. Bereziki, egitura lineala eta jarraitua izanik, migrazioa eta espezieen arteko trukaketa genetikoa errazten duten elementuena: ibaiak, lursail-mugetako sistemak, palaxuak, eta beste. Edo baita elkargune izanik ekosistemen dibertsitatea areagotu eta trukaketa genetikoa errazten dutenena ere: urmaelak, eremu hezeak, zuhaiztiak eta beste.

40. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazio eskudunak, Euskal Autonomia Erkidegoko ingurune naturalean bizi diren basaflora eta basafaunako espezieek berentzako habitatak izan ditzaten, horretara zuzendutako lurralde zabal eta askotarikoak kontserbatu, mantendu eta, hala badagokie, berreskuratzeaz arduratuko dira.

Era berean, agintari horien ardura izango da itsas fauna eta itsas florako espezieen banku naturala izateko behar besteko dibertsitatea eta aberastasuna duten itsas eremuak kontserbatu, mantendu eta, hala badagokie, berreskuratzea. Ondorio guztietarako, fauna eta florako espezieak berreskuratzeko balioko duten debekatutako erreserba-eremuak ezarri ahal izango dira.

2.– Lurraldean egingo diren azpiegituren diseinua espezieen mugikortasun geografikoa behar adina erraztuz egingo da. Sakabanaketa eta trukaketa genetikoa zailduko duten hesiak ekidin egingo dira, eta, basafaunaren istripu-arriskuak ekiditeko, ahal diren neurriak hartu.

3.– Zerrendatutako basafaunak nekazaritza-uztari eta abereei egindako kalteen ordainetarako plan bat egingo da, eta dagokien erakundeena izango da hori betearazteko ardura.

41. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko herri-administrazioen ardura izango da basafauna eta basafloraren –lehorrekoen zein itsasokoen– populazioak mantendu edo egokitzea, ekologia, zientzia eta kultura aldetik dauden eskakizunei behar bezala erantzunez.

42. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko lurraldea zeharkatzen duten espezieen migrazioari lagundu egingo zaio. Batetik, itsasoan eta lehorrean igarotzeko lekuak, biltzekoak, atseden hartzekoak, muda egitekoak edo elikatzekoak zainduz; eta, bestetik, ekintza horiek eragotziko dituzten jarduera guztiak mugatuz.

43. artikulua.– 1.– Itsas baliabideen ustiaketa guztiak kontrolpean egingo dira. Beraz, ezin izango da behar bezala baimenduta ez dagoen inolako jarduerarik aurrera eraman.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoaren eskumenekoa den itsas eremuan egindako arrantza, itsaski-hartzea eta itsas akuikultura araupetu eta antolatzean, lege honetan ezarritakoa bete beharko da. Betiere, berariazko legeriaren edo, hala badagokio, ezartzekoak diren nazioarteko hitzarmenen mende.

44. artikulua.– 1.– Basafauna eta basaflorako espezie autoktonotzat hartzen dira Euskal Autonomia Erkidegokoak bertakoak direnak edo bertan berez basaegoeran bizi direnak. Horien artean sartzen dira bertatik igarotzen ari direnak, negua bertan ematen dutenak edo noizbehinka egoten direnak ere. Berreskuratzea sustatzeko asmoz, erregelamendu bidez xedaturik, talde horren barruan sartuko dira Euskal Autonomia Erkidegoaren historiako azken aldi honetan galdu direnak.

2.– Autoktono ez den basafauna eta basaflorako espezietzat hartuko dira arestian aipaturiko taldean egon gabe ingurune naturalean integratu eta basaegoeran dauden espezieak.

45. artikulua.– 1.– Itsas fauna eta itsas florako espezie edo itsas baliabidetzat jotzen dira itsasoan erabat edo hein batean bizi diren animalia eta landareak.

2.– Itsas fauna eta itsas florako espezie autoktonotzat jotzen dira zientzia- eta natura-ondarearen arabera jatorriz euskal itsasaldekoak direnak, edo, antzina gizakiak ekarritakoak izanik (nahita edo nahi gabe), txarrerako inongo ondoriorik gabe euskal itsasaldeko oreka ekologikora egokitu direnak.

3.– Banku naturala deritzo edozein animalia- edo landare-espezie, dauden hazkuntza-fasea edozein delarik ere, populazio batean edo gehiagotan era naturalez eta berez bereziki biltzen den eremu geografiko edo lekuari.

46. artikulua.– 1.– Organo eskudunaren xedapenez, arauak ezar daitezke ingurune naturalean egin eta flora eta faunako espezieen populazioen ohiko garapenari eragin diezaioketen edo horien habitatak alda ditzaketen aisialdiko jarduerak arautzeko. Arau horiek orotarako izan daitezke, edota Euskal Autonomia Erkidego barruan kalteberentzat hartzen diren lehorreko nahiz itsasoko eremuentzako bakarrik.

2.– Hala, bada, aurreko artikulu-zatian ezarritako helburuetarako, populazio horien eta beren habitaten ohiko garapenari eragin diezaioketen jardueratzat hartuko dira honako hauek:

a) Motordun gailuekin egiten diren jarduerak.

b) Eremu librean kanpatzea.

c) Haitz-eremuetan egiten diren jarduerak. Esaterako, eskalada, delta hegala, parapentea nahiz mendi-txirrindularitza edo antzekoak.

d) Eremu hezeetan egiten diren jarduerak. Esaterako, egonaldia, bainualdia nahiz nabigazioa edo antzekoak.

e) Oro har, hotsa ateratzen duten tresnez edo basoetako bideez baliatuz egiten diren aisialdiko jarduerak.

3.– Debekatuta egongo dira landan zehar motordun gailuekin egiten diren jarduerak, horretarako bereziki prestatuta dauden eta foru-aldundietako sail eskudunen baimena duten ibilbideetan salbu.

Debekatuta egongo da, orobat, edozein ibilgailurekin pista, bide eta errepideetatik kanpo ibiltzea, basoetatik egurra ateratzeko lanetarako salbu.

II. KAPITULUA
ESPEZIE MEHATXATUAK

47. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailaren mende, eta Euskal Autonomia Erkidegoko lurralde-eremuan, Basa eta Itsas Fauna eta Florako Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrenda sortzen da administrazio-izaerako erregistro publiko gisa.

48. artikulua.– Fauna eta Florako Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrendan jasoko dira berariazko babes-neurriak behar dituzten espezie, subespezie edo populazioak. Eta, ondorio horietarako, honako kategoria hauetakoren bat dutela sailkaturik egon beharko dute:

a) «Galzorikoak». Oraingo egoeraren faktore eragileek jarraituz gero biziraupen nekeza dutenei mugatuta.

b) «Kalteberak». Berei edo beren habitatei eragiten dieten aurkako faktoreak berehala zuzenduak ez badira, aurreko kategoriakoak bihurtzeko arriskua dutenentzat.

c) «Bakanak». Neurri txikiko populazioa duten espezie edo subespezieak izango dira kategoria horretan: inguru geografiko murriztuetan edo lurralde zabaletan sakabanaturik egonik gaur egun «galzorikoak» edo «kalteberak» ez direnak.

d) «Interes berezikoak». Aurreko kategorietan ez badaude ere, duten balio zientifiko, ekologiko edo kulturalagatik edota beren apartekotasunagatik arreta berezia zor zaienak har ditzakeen kategoria da.

49. artikulua.– 1.– Espezie edo subespezie bat zein kategoriatan zerrendatu behar den erabakitzeko orduan, aintzat hartuko da zein mehatxu-egoeratan dagoen banaketa-eremu natural osoan, tokian tokiko egoera okertu edo hobetu dezaketen gorabeherak alde batera utzita.

2.– Toki zehatz batean mehatxupean dauden populazioak zerrendatu ahal izango dira.

50. artikulua.– 1.– Fauna edo florako espezie, subespezie edo populazioren bat Espezie Mehatxatuen Euskal Autonomia Erkidegoko Zerrendan sartzeak honako debeku orokor hauek izango ditu:

a) Animaliei dagokienez, akabatu, harrapatu, jarraitu edo zirikatzeko asmoz baimenik gabeko edozein ekintza egitea. Debeku horretan sartzen dira animalia horien larba, kume edo arrautzak, bai eta habitaten suntsipena ere, eta, bereziki, habiena, gordelekuena zein ugaltzeko, negua emateko, atseden hartzeko edo elikatzeko inguruena.

b) Landareei dagokienez, suntsitu, atalen bat moztu, osorik moztu edo errotik atera eta habitataren suntsipenera daraman baimenik gabeko edozein ekintza egitea.

c) Animalia zein landareei dagokienez, «galzoriko» edo «kaltebera» zerrendatuta badaude, bizirik edo hilda eduki, naturalizatu, garraiatu, saldu, erakutsi, inportatu edo esportatzea, eta baita propagulu edo landare-atal eta hazien, polenaren eta esporen bilketa ere, erregelamenduak xedatutako kasuetan salbu.

2.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak izango du zerrendan espezie, subespezie eta populazioak sartzeko ardura. Horretarako, aintzat hartuko du Naturzaintza-Euskal Autonomia Erkidegoko Natura Kontserbatzeko Aholku Batzordeak aurretik egingo duen txostena. Hilabete baino lehenago egin beharko da txosten hori.

3.– Behin zerrendatuta, kudeaketa-plana idatzi eta onartuko da (Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak, bere kasa, itsas flora eta itsas faunako espezieei dagokienez; eta, eskumena duten foru-organoekin elkar hartuta, basaflora eta basafaunako espezieei dagokienez). Plan horrek espezie horiei erasaten dieten mehatxuak hastantzeko beharrezko jarraibideak eta neurriak izango ditu. Espezie horien populazioak berreskuratzea, kontserbatzea eta egoki erabiltzea zein horien habitatak babestu eta mantentzea sustatuko du.

Kudeaketa-plan horien xedapenetako bat izango da, hala badagokio, zerrendatutako espezieen lehorreko edo itsasoko inguru den bizitokia natura-gune babestu izendatzea.

51. artikulua.– Ohiz kanpoko egoeretan, eskumena duten foru-organoek (basafauna eta basafloraren kasuetarako) eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak (itsas fauna eta itsas floraren kasuetarako) zerrendatuta dauden espezieak harrapatzeko baimena eman ahal izango dute. Betiere, helburu zientifiko nahiz kulturaletarako, edota espezie horiek beste eremu batean birsartzeko nahiz espezie horiez beste eremu bat birpopulatzeko helburuz baldin bada. Helburu horietarako baimendu ahal izango da, era berean, arrautza, kume, hazi edo propaguluak biltzea. Jarduera horiek guztiak dagokien Espezie Mehatxatuen Kudeaketa Planekin bat etorriz egingo dira, horrelako planak baldin badaude.

52. artikulua.– Debekatuta dago, eskumena duen foru-organoak baimendu ezik, «galzoriko» edo «kaltebera» zerrendaturik dauden basafaunako espezieei irudi edo soinu bidezko grabazioak egitea eta begiratzea, gutxienez 250 metroko tartea utzi gabe; bai eta horretarako postu finkoak ezartzea ere.

53. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak bere kasa (itsas fauna eta itsas florako espezieen kasuan), edo foru-organo eskudunekin batera (basafauna eta basaflorako espezieen kasuan), Euskal Autonomia Erkidegoko habitat naturalak berriro betetzeko gai diren eta historiako azken aldi honetan galdu diren espezie edo subespezieak birsartzeko planak egingo ditu. Plangintza horretarako, beharrezko neurriak hartuko dira berriro sartze hori eta Euskal Autonomia Erkidegoko ekonomia-, kultura-, gizarte- eta ekologia-baldintzak bateragarri egiteko, edo birsartze hori ahalbidetzeko baldintza horiek aldatzeko.

2.– Birsartzeko planen gai diren espezie edo subespezieek «galzoriko» zerrendaturik dauden espezieentzako ezarritako babes-neurriak edukiko dituzte, dagokion plana gauzatzen ari den bitartean behintzat.

54. artikulua.– Lurralde- eta hirigintza-plangintzarako bitartekoek, zerrendatuta dauden espezieen habitatak zaindu, mantendu edo berreskuratzea ziurtatuko dute. Habitatak mugatzea beharrezkoa den kasuetan, horretarako arrazoiak eman beharko dira.

III. KAPITULUA
BASAFAUNA

55. artikulua.– Debekatua dago:

a) Basafaunako espezieetako aleak gatibu edukitzea beharrezko janaririk gabe edo dituzten behar etologikoekin bat datorren instalazio egokirik gabe.

b) Basafaunako espezieetako aleak, hilik edo bizirik, ikuskizun, jai herrikoi eta beste ekintza batzuetan erabiltzea, baldin eta horrek sufrimendu edo gutxiespenik sortzen badie.

c) Basafaunako edozein espezietako animalien arteko borrokak antolatu eta egitea.

56. artikulua.– 1.– Orobat, basafaunako espezieak babesteko asmoz, debekatua dago:

a) Erabiltzen den bidea edozein delarik ere, berariaz akabatu edo harrapatzea.

b) Suntsitu, kalte egin, bildu edo berariaz gordetzea beren habi eta gordelekuak, arrautzak, larbak edo kumeak.

c) Espezie horiei berariaz asaldura eragitea, batik bat ugalketa, hazkuntza, hibernazio eta migrazio garaietan.

d) Animalia bizi edo hilak zein beren gorpuzkiak edukitzea, salerostea edo horiekin trafikatzea.

e) Heldu gabeko animalien aprobetxamendua, heldutasun eza nabaritzeko modukoa bada.

2.– Aurreko artikulu-zatian ezarritako debekuak ezin ezarriko dira mendien, ehizaren eta arrantza kontinentalaren legerian berariaz araututa dauden kasuetan.

57. artikulua.– Espezieen populazioak banaketa-eremu natural duten horretan egoera onean mantentzeari kalte egin gabe, foru-organo eskudunek salbuespenak ezarri ahal izango dizkiote 50. eta 56. artikuluetan xedatutakoari, baldin honako gorabehera hauetakoren bat gertatzen bada:

a) Basafauna eta basaflora babesteko asmoz. Bereziki, Espezie Mehatxatuen Zerrendan daudenak.

b) Landaketetan, abeltzaintzan, basoetan, ehizan, arrantzan nahiz uretan kalte larriak eragozteko.

c) Artikulu horiek ezartzean pertsonen osasun eta segurtasunerako ondorio kaltegarririk badator.

d) Aire-segurtasuna dela eta egon daitezkeen istripuak ekiditeko.

e) Ikerketa, hezkuntza, birpopulatze edo birsartzetik eratorritako arrazoiengatik beharrezkoa denean, edo itxian hazi beharra dagoenean.

58. artikulua.– Erregelamendu bidez arautuko da taxidermia egitea. Edozein modutan ere, basafaunako espezieak disekatzeko, baimen berezia beharko da, foru-organo eskudunak emana. Eta zerrendaturik egon baina autoktonoak ez izanda aplikatzekoak diren nazioarteko hitzarmenen edo Europar Batasuneko araudiaren bidez babestuak daudenen disekazioa hezkuntza- edo ikerkuntza-erakundeei baino ez zaie utziko egiten, aldez aurretik ekintza hori arrazoituko duen txostena aurkeztu ondoren.

Dena dela, foru-organo eskudunek baimendu egin ahal izango dute berez hildako animaliak edo zaurituta daudelako akabatu behar diren animaliak disekatzea. Betiere, bidezko diren bestelako administrazio-ekintzak edo ekintza penalak izan daitezkeelarik; eta, bidezko balitz, gorpuzkiak bahitu ditzaketelarik.

59. artikulua.– 1.– Espezieak sartu, birsartu edo ingurune naturalean populazioak indartzeko, foru-organo eskudunaren administrazio-baimena beharko da, zein eman ala ukatuko baita honako lege hau garatzeko Eusko Jaurlaritzak emango dituen erregelamenduen aplikazioaren ondorioz.

2.– Zerrendatu gabeko edo ehizatzeko eta arrantzatzeko animaliak ekimen publiko edo pribatu bidez ingurune naturalean sartu, birsartu edo populazioak indartzeko, animaliak askatzeak honako hauek betetzen dituela egiaztatu beharko du sustatzaileak:

a) Egingo den eremuko dibertsitate genetikoari ez diola eragingo.

b) Zerrendatutako espezieentzako planekin bateragarria dela.

c) Egingo den lekuan ehiza eta arrantzarako aldez aurretik dauden antolamendu-planei egokitzen zaiela. Plan horiek beharrezkoak diren kontrolbideak ezarri beharko dituzte, sortzen den populazioa ez dadin ekosistemak har dezakeena edo lurraldeko sistema ekoizleek har dezaketena baino handiagoa izan.

3.– Autoktonoak ez diren subespezie edo arraza geografikoen kasuan, bakarrik eman ahal izango da baimena animalia horiek heda ez daitezen kontrolatuko delako bermea nahikoa denean, eta, gainera, ziurtatu egin beharko da subespezie edo arraza geografiko autoktonoekiko lehiarik ez dagoela, azken horiek kontserbatu direneko egoerarentzat edo beren aprobetxamenduarentzat arazorik egoteko arriskurik badago.

60. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoan, foru-organo eskudunen agindupean, basafauna sendatu eta naturan birsartzeko zentroak egongo dira. Horien helburua, berezko ingurunean bizirik irauteko ezindurik dauden animaliak zaintzea, mantentzea eta sendatzea izango da, horrela ingurune naturalera itzuli ahal daitezen. Helburu horren mendean, animaliak eta zentroak ikerkuntzarako eta jendea sentsibilizatzeko erabili ahal izango dira.

61. artikulua.– Berariazko araudirik egon ezik, ez da baimenik beharko ornogabeak norbere kontsumorako biltzeko. Foru-administrazioak norbere kontsumorako jotzen diren zenbatekoak zehaztu egin ahal izango ditu, aprobetxamendu bakoitzerako.

62. artikulua.– 1.– Eusko Jaurlaritzako organo eskudunek erauzte- edo kontrol-planak eratu ahal izango dituzte, historiako azken aldi honetan sartu eta EAEko natura-ekosistemetan desoreka larriak sortzen ari diren fauna edo flora aloktonoko espezie, subespezie eta populazioentzat.

2.– Erauzte-planak onartu ahal izateko, beharrezkoa izango da, gutxienez, jokabide hori gomendatzen duten hiru zientzia-erakundek txosten bana era dezaten.

IV. KAPITULUA
BASAFLORA

63. artikulua.– Euskal Autonomia Erkidegoko basalandarediko espezieak babesteak berekin dakar:

a) Basaflora deuseztatu nahiz hondatzea debekatzea. Betiere, berariazko arauek edo hurrengo artikuluak xedatutako kasuak salbu.

b) Administrazioaren baimen egokia izan gabe zuhaitzak botatzea debekatzea. Betiere, baso-aprobetxamenduei buruz mendi-legerian xedatutakoaren mende.

c) Zerrendatutako landareak eta haien habitatak honda ditzakeen edozein ekintza debekatzea.

64. artikulua.– 1.– Onddo, basafruitu, egur, goroldio, liken eta sendabelar nahiz landare aromatikoak merkataritza-helburuetarako erabiltzea eskumena duten foru-organoek arautu beharreko aprobetxamendua da.

2.– Onddo, basafruitu, goroldio, liken eta sendabelar nahiz landare aromatikoak norbere kontsumorako erabiltzeak ez du administrazioaren baimenik behar. Foru-administrazioaren baitan dago, hala ere, norbere kontsumorako joko diren zenbatekoak xedatzea.

3.– Lege honetako III. tituluari jarraiki babestutako natura-guneetan, aprobetxamendu horiek, ezartzea dagokien araudiko xedapenen mende egongo dira.

65. artikulua.– Foru-organo eskudunek, basaflorako espezie zerrendatuei dagokienez, honako hau baimentzea daukate:

a) Landare horiek eskatzen dituzten basogintzako eta landare-osasuneko lanak egitea. Lan horiek, dagokien planaren arabera egingo dira, planik baldin bada.

b) Landareak edo landare-atalak zientziako, teknikako nahiz irakaskuntzako helburuetarako bildu eta erabiltzea. Lortu nahi diren helburuak eta erabili nahi diren landareen zenbatekoak eta lekua azaldu behar dira, arrazoiturik.

V. KAPITULUA
UR KONTINENTALETAN ARRANTZAN EGITEA

66. artikulua.– 1.– Erregelamendu bidez arrantzagai izendatutako espezieak bakarrik arrantzatu ahal izango dira ur kontinentaletan. Ezin izango da zerrendatutako espezierik arrantzagai izendatu.

2.– Espezie horiek kontserbatzea eta ugalaraztea bermatzeko, foru-organo eskudunek –Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailarekin elkar hartuta–, bakoitzak bere lurralde-eremurako, arrantza-aprobetxamenduen araudia onartuko dute urtero. Jarduera horiek egin daitezkeen urak ezarriko dituzte, bai eta espezie bakoitzarentzako arrantza-garaia eta ur kontinentaletan arrantzatzeko modu eta metodoak ere.

67. artikulua.– Galarazita daude, betiere, animaliak andanaka edota bereizketarik egin gabe harrapatu nahiz akabatzeko prozedurak (zehazki esanda, pozoiak, tranpak nahiz erakargarriak): bai edukitzea, bai erabiltzea eta bai merkaturatzea. Betiere galaraziak daude, orobat, espezie baten populazioak leku batean galtzea edo haiei enbarazu larria egitea eragin dezaketen halako prozedurak. Arau honi egin dakizkiokeen salbuespen bakarrak 57. artikuluan azaldutakoak dira.

68. artikulua.– Hilda nahiz bizirik merkataritza-gai izan daitezkeen espezieak Eusko Jaurlaritzaren dekretuz xedatuko dira.

69. artikulua.– 1.– Euskal Autonomia Erkidegoko arrantzako erroldari sorrera ematen zaio, baimendutako espezieen populazioei, harrapaketei eta eboluzio genetikoari buruzko informazioa biltzeko.

Errolda foru-organo eskudunek egin eta kudeatuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arrantzan eskumena duen sailak errolda garatzeko ematen dituen arauekin bat.

Erroldako informazioa oinarri hartuta, biologia-alorreko arrazoiek hala aholkatzen badute, aldi baterako babesaldiak edota debeku bereziak ezar daitezke.

2.– Arrantza-eskubideen titularrek eta, oro har, arrantzaleek, dagokienean, foru-organo horiei informazio egokia eman beharko diete nahitaez. Horretarako, denboraldi bakoitzean lortutako harrapaketen kontua eramango dute.

70. artikulua.– Foru-organo bakoitzean, arrantzako arau-hausteak egin dituztenen erregistro bat izango da. Hango datuak Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean arrantzan eskumena duen sailari eman beharko zaizkio urtero, bai eta indarrean dagoen legeriaren arabera jakinarazi behar zaien guztiei ere.

71. artikulua.– Foru-organoek arrantzan jarduteko emandako lizentziak baliozkoak izango dira Euskal Autonomia Erkidego osoan.

72. artikulua.– 1.– Arrantza-baliabideen aprobetxamendua, eremu mugatuetan, eskubidearen titular denak egingo du. Aprobetxamendu hori egin daitezkeen harrapaketen zenbatekoa eta moduak arautuko dituen antolamendu-plan tekniko bati jarraituz egin beharko du.

2.– Arrantzako antolamendu-plan teknikoen edukia, indarraldia eta beste eskakizun guztiak arautuko dituzte foru-aldundiek, erregelamendu bidez.

3.– Foru-administrazioek batasun naturala eratzen duten arrantza-barrutietan antolamendu-plan teknikoak elkarrekin egitea bultzatuko dute. Orobat, elkarrekin aprobetxatzeko lurretan jarraitu beharreko plangintza-arauak ezarriko dituzte.

4.– Eremu mugatu guztietan, arrantzarik egiterik izango ez den erreserba-eremuak izango dira. Erreserba horien mugak antolamendu-plan teknikoek ezarriko dituzte. Erregelamendu bidez, erreserbek izan behar duten gutxieneko lur-azalera eta beste hainbat ezaugarri xedatuko dira.

73. artikulua.– Lurralde historiko bakoitzean, Arrantzako Lurralde Kontseilu bana izango da. Kontseilu horiek nola osatu eta zein funtzio izango dituzten, erregelamendu bidez xedatuko da.

V. TITULUA
ARAU-HAUSTEAK ETA ZIGORRAK

74. artikulua.– 1.– Lege honetan ezarritakoa hausten duten ekintza nahiz ez-egiteek administrazio-erantzukizuna sortuko dute. Horrek ez du kentzen bide penaletik, zibiletik edota besteren batetik eska daitekeen erantzukizuna.

2.– Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean ezarritako arauen, printzipioen eta prozeduraren arabera eskatu ahal izango da administrazio-erantzukizuna.

75. artikulua.– 1.– Arin, larri samar, larri edota oso larritzat joko dira arau-hausteak.

2.– Arau-hauste arintzat joko dira:

a) Motordun edozein ibilgailu-mota, edo mugitzeko halakoen beharra dutenak, natura-gune babestu batean, baimendutako lekuetatik kanpora, aparkatzea.

b) Natura-gune babestu batean, baimendutako bideetatik kanpo eta baimendutako kasuetatik kanpo bizikletaz nahiz antzeko ibilgailuz ibiltzea.

c) Natura-gune babestu bateko erabileren araudiari kasu egin gabe nekazaritza, abeltzaintza edota basogintzako jarduerak egitea. Betiere, titulu honetan ezarritako arau-hauste larriagoren bat ez badakarte.

d) Galarazitako lekuetan kanpatzea.

e) Baimendu gabeko eremuetan zaratak egitea, argi egitea nahiz argi-keinuak egitea, eta edozein energia mota igortzea –termikoa, dardarazkoa, elektromagnetikoa, infrasonikoa eta ultrasonikoa–.

f) Natura-gune babestu bateko antolamendu-araudiari kasu egin gabe edonolako jarduerak egitea. Betiere, horrek titulu honetan ezarritako arau-hauste larriagoren bat ez badakar.

g) Ornogabe, onddo, basafruitu, egur, goroldio, liken edota sendabelar eta landare aromatikoak jarduera horretarako araudia bete gabe biltzea.

3.– Arau-hauste larri samartzat joko dira:

a) Natura-gune babestuetan produktu kimikoak edo gai biologikoak baimenik gabe erabiltzea, eta hondakinak bota edo isurtzea. Betiere, artikulu honetako 5.a) letran ezarritako kasuko baldintzak betetzen ez badira.

b) Natura-gune babestu bateko elementuetan idatzi, seinale, zeinu eta marrazkiak egitea.

c) Natura-gune babestu batean, baimendutako bideetatik kanpo eta baimendutako kasuetatik kanpo motordun ibilgailuz ibiltzea.

d) Natura-gune babestu batean, berariaz baimendutako kasu eta lekuetatik kanpo sua egitea.

e) Natura-gune babestuak zaintzeko ardura dutenen jarduerari aurre egitea.

f) Natura-gune babestu batean bertako basafaunari eta abereei enbarazu egiteko moduan zaratak egitea, argi egitea nahiz argi-keinuak egitea.

g) Natura-gune babestu batean zaborra, txatarra edota beste edozein hondakin metatzea.

h) Lege honetan aipatutako administrazio-emakida eta -baimenetan ezarritako baldintzak ez betetzea. Horrek ez du kentzen emakida nahiz baimen hori iraungi, baliogabetu edota eten ahal izatea.

i) Lege honetako 46. artikuluan aipatzen diren aisialdiko jarduerak, horiek nola egin agintzen duten arauak bete gabe egiten badira.

j) Ornogabeak merkaturatzeko biltzea.

k) Administrazio-baimenik gabe ingurune naturalean espezie berriak sartu, bertan galdutakoak birsartu edota bertan daudenen populazioak indartzea.

l) Deslai dabiltzan txakurrek kalteak egitea.

4.– Arau-hauste larritzat joko dira:

a) Natura-gune babestu batean, lurrak hartuz nahiz luberrituz, landareak moztu nahiz erauziz, edota bestelako jarduerez, bertako baldintzak zein produktuak aldatzea.

b) Aurreko artikulu-zatiko g) letran ezarritako kasua, baldin paisaiaren harmonia hautsi eta ikuseremuaren itxura aldatzen bada.

c) Natura-gune babestu bateko erabileren antolamendu-araudiari jarraitu gabe azpiegiturak jartzeko obrak egitea.

d) Beren zertarakoa edo erabilera, legez, nola edo hala mugatua duten eremuetan, pertsonen nahiz ondasunen segurtasunari eragiten dioten jarduerak egitea, baldin debekatutako jarduerak badira edota administrazio-baimenik gabe egiten badira.

e) Natura-gune babestu batean baimenik gabe berotegia jartzea.

f) Bakan edo interes berezikotzat zerrendatutako animalia- edo landare-espezieak –edo beren propagulu nahiz gorpuzkiak– baimenik gabe deuseztatu, akabatu, hondatu, bildu, salerosi, harrapatu edota salerosteko erakustea nahiz naturalizatzea.

g) Espezie bakanen eta interes berezikoen habitatak deuseztatzea –bereziki horien ugaltzeko, hibernatzeko, negua emateko, atseden hartzeko, bizitzeko nahiz elikatzeko lekuak–, bai eta basaflora eta basafaunaren babes bereziko eremuak ere.

h) Mendiaren, ehizaren eta arrantza kontinentalaren berariazko araudien arabera administrazio-baimena beharrezkoa denean, halakorik gabe basanimaliak harrapatu nahiz haiei jarraitzea, eta landareak erauzi nahiz moztea.

i) Artikulu-zati honetako q) letran ezarritako kasua, baldin basaflora eta basafaunako espezieen populazioen ohiko garapenari eragiten badio edo haien habitatak aldatzen baditu.

j) Administrazio-baimenik gabe taxidermia egitea.

k) Lege honetako 60. artikuluan aipatutako kasuetatik at basafaunako espezieak disekatzea.

l) Aurreko artikulu-zatiko k) letran ezarritako kasua, baldin eremuko dibertsitate genetikoari eragiten badio, zerrendatutako espezieei buruzko planekin bateraezina bada edota dauden ehiza eta arrantzako antolamendu-planekin bat ez badator.

m) Basafaunako espezieak gatibu edukitzea beharrezko janaririk gabe, edo higiene nahiz osasunaren aldetik dituzten behar etologikoekin bat datorren instalazio egokirik gabe.

n) Ikuskizunetan, jai herrikoietan eta bestelako jardueretan basafaunako espezieak erabiltzea, baldin animalia horiei sufriarazten bazaie.

ñ) Autoktono ez diren faunako espezieak edota haien arrautza nahiz kumeak beharrezko baimenik gabe saldu, eduki, salerosi edota jendaurrean erakustea edo horiekin trafikatzea, baldin Espainiako estatuan indarrean dauden nazioarteko itun eta hitzarmenek nahiz Europar Batasunaren xedapenek babestutako espezieak badira eta eskatutako agiriak ez badituzte.

o) Basafaunako espezieen arteko borrokak antolatzea.

p) Natura-gune babestu bateko antolamendu-araudiari kasu egin gabe edonolako eraikin, instalazio, eraikuntza edota obrak egitea.

q) Natura-gune babestu batean bertako flora eta faunakoak ez diren landare- nahiz animalia-espezieak baimenik gabe sartzea.

5.– Arau-hauste oso larritzat joko dira:

a) 2. artikulu-zatiko a) letran ezarritako kasua, baldin natura-gune babestuetako bizi-baldintzak aldatu eta bertako balioei kalte egiten bazaie.

b) Natura-gune babestu batean, baimendu gabeko erauzte- nahiz industria-jarduerak egitea.

c) Natura-gune babestu batean edozein motatako zabortegiak jartzea.

d) Natura-gune babestu batean ingurune naturaleko baldintzak, produktuak nahiz elementuak deuseztatu edota aldatzeko sua erabiltzea.

e) Galzorian dauden zein kaltebera diren espezietzat zerrendatutako animalia edo landareak –edo beren propagulu nahiz gorpuzkiak– baimenik gabe deuseztatu, akabatu, hondatu, bildu, salerosi, harrapatu eta salerosteko erakustea nahiz naturalizatzea.

f) Galzorian dauden zein kaltebera diren espezieen habitata deuseztatzea. Bereziki, ugaltzeko, hibernatzeko, negua emateko, atseden hartzeko, bizitzeko nahiz elikatzeko darabiltzaten lekuak deuseztatzea.

g) Lege honetako 9. artikuluan aipatzen den baimen, lizentzia edo emakidarik gabe, ingurune naturaleko errealitate fisiko nahiz biologikoa eraldatzeko ekintzak egitea.

76. artikulua.– 1.– Aurrez azaldu ditugun arau-hauste horiek isun hauekin zigortuko dira:

– Arau-hauste arinak, 60,10 eta 601,01 euro bitarteko isunarekin.

– Arau-hauste larri samarrak, 601,02 eta 6.010,12 euro bitarteko isunarekin.

– Arau-hauste larriak, 6.010,13 eta 60.101,21 euro bitarteko isunarekin.

– Arau-hauste oso larriak, 60.101,22 eta 300.506,05 euro bitarteko isunarekin.

2.– Hutsegite larri eta oso larriek gehienez hamar urtez arrantzan aritzeko debekua ekarriko dute berekin; eta arau-hauste larri samarrek, urtebetekoa gehienez ere.

3.– Hertsapen isunak ezarri ahal izango dira, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 99. artikuluan ezarritako kasuetan. Isun horiek, batetik bestera, agindutakoa betetzeko nahikoa denbora utzita errepikatuko dira.

4.– Eusko Jaurlaritzak, dekretu bidez, artikulu honetako 1. zatian ezarritako isunen zenbatekoa eguneratu egin ahal izango du, kontsumorako prezioen indizeek izandako gorabeherak kontuan hartuta.

77. artikulua.– Natura-gune babestuak izendatzeko arauek aurreko artikuluan ezarritako arau-hauste edo zigorren taulan zehaztapenak nahiz mailaketak sartu ahal izango dituzte. Betiere, 30/1992 Legeko 129.3 artikulu-zatian ezarritako mugetan.

78. artikulua.– Apirilaren 13ko 1/1989 Legean, martxoaren 17ko 2/2011 Ehizaren Legean eta mendien legerian hainbat arau-hauste administratibo daude ezarriak. Baldin arau-hauste horiek natura-gune babestu baten barruan egiten badira, legeria horietan jasotako arau eta irizpideen arabera egokitzen den isunaren % 100 gehituko da.

79. artikulua.– Aurreko artikuluan ezarritako isunen zenbatekoa mailakatzeko, kontuan hartu behar dira arduradunaren gorabeherak, bere asmoa, parte-hartzea eta lortutako onura, egindako arau-hausteak gizarteari zenbateraino eragin dion eta zer kalte sortu duen, arau-hausteak errepikatu diren, bai eta ingurune naturalean egindako kalte edo hondamena itzulgarria izan ote daitekeen ere.

80. artikulua.– Egintza bat berariazko legeria batean baino gehiagotan jasota badago, kopuru handieneko zehatzeko xedapena ezarriko da.

81. artikulua.– Zigorrak ezartzea bateragarri izango da arau-haustaileari berak aldatutako egoera berriz ere jatorrizkora leheneratzeko eskatzearekin, bai eta sortutako kalte-galerak ordainaraztearekin ere.

82. artikulua.– Foru-organo eskudunei dagokie zehatzeko prozedurak hasi, bideratu eta ebaztea.

83. artikulua.– Arau-hausteak delitu edo hutsegite izan daitezkeenean, administrazioak eskumena duen organo jurisdikzionalari pasatuko dio halakoen erruduntasun-testigantza, eta agintaritza judizialak bere epaia eman arte ez dio zehatzeko prozedurari jarraituko. Agintaritza judizialaren zigorrak administrazio-isunik ez ezartzea ekarriko du. Delitu edo hutsegiterik izan denik ikusi ez bada, administrazioak zehapen-espedienteari jarraitu ahal izango dio, oinarri gisa –hala egokitzen denean– jurisdikzio eskudunak frogatutzat hartu dituen gertaerak hartuta.

84. artikulua.– Lege honetan xedatutakoaren aurka eginiko arau-hauste administratiboen iraungitze-epea hau izango da: lau urtekoa, oso larriena; urtebetekoa, larriena; sei hilabetekoa, larri samarrena, eta bi hilabetekoa, arinena.

LEHENENGO XEDAPEN GEHIGARRIA

Testu Bategin horretako 11. artikuluan aipatzen den Babestutako Natura-guneen Sarearen barnean Urkiola, Valderejo, Aralar eta Gorbeiako Parke Naturalak daude. Gorbeiako Parkea arautzeko dekretuak hauek dira: Gorbeia inguruko Natura Baliabideen Antolamendu Plana onartzen duen ekainaren 21eko 227/1994 Dekretua eta Gorbeiako ingurua Parke Natural izendatzen duen ekainaren 21eko 228/1994 Dekretua.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Nazioarteko itun eta hitzarmenak betetzeko, Eusko Jaurlaritzak, lege honetan araututako jarduerei dagokienez, aldi baterako mugak jarri ahal izango ditu.

HIRUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Natura-gune babestuen izenak lege honetan ezarritako ondorioetarako erabiliko dira bakar bakarrik.

LAUGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Natura-gune babestu bat izendatzeak berekin dakar haren izena –eta, izanez gero, anagrama– inolako pertsonak (publiko nahiz pribatu izan) erabiltzeko debekua, administrazioaren baimenik ezean. Betiere, kasuan kasuko erregistro publikoetako eskuratutako eskubideak eragotzi gabe.

BOSGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA

Baimena ematen zaio Eusko Jaurlaritzari, lege hau betetzeko behar diren erregelamendu-mailako xedapen guztiak har ditzan; Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrean natura-baliabideen antolamenduan eta naturaren kontserbazioan eskumena duen sailak proposatuko ditu.

LEHENENGO XEDAPEN IRAGANKORRA

2010eko martxoaren 31n natura-gune babestuen mugen eta afektazio-eremuen barruan jardunean dauden erauzte-jarduera baimenduek ezingo dute beren ustiapena zabaldu natura-gune horietan, ez proiektu berrien bidez, ez gauzatzen ari diren proiektuak aldatuz, dagokion natura-baliabideen antolamendu-planaren aldaketa onartu baino lehen.

Edonola ere, planaren aldaketan ezarriko dira ekosistemen morfologia egokia eta paisaia berreskuratzeko neurriak, aprobetxamenduaren titularrak baimena lortu ahal izateko baldintza berezi gisa leheneratze-planean aurkeztu beharko dituenak.

BIGARREN XEDAPEN IRAGANKORRA

Kontserbazio bereziko eremuak (KBE) kontserbatzeko 2013ko urriaren 18an indarrean dauden neurriak lege honi egokituko zaizkio.

Egokitzapenak lege honetan ezarritako prozeduraren araberakoa izan beharko du, eta kontserbazio-neurriak aldatu edo berraztertzeko lehenengo espedientean egin beharko da.

Data horretan prestatze-fasean dauden kontserbazio bereziko eremuen (KBE) kontserbazio-neurriak prestatzeko, aurretik aplikatzen ari zen araudiaren arabera jarraitu beharko da.

Horretarako, kontserbazio-neurriak prestatze-fasekotzat joko dira, 2013ko urriaren 18an jendaurreko informazioaren izapidea igaroa bada.

Beraz, Legegintzako Dekretu honi men egiteko eta eginarazteko agintzen diet, norbanako zein agintari direla, Euskadiko herritar guztiei.

Vitoria-Gasteiz, 2014ko maiatzaren 14a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.


Azterketa dokumentala