Egoitza elektronikoa

Kontsulta

Kontsulta erraza

Zerbitzuak


Azken aldizkaria RSS

Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria

14. zk., 2015eko urtarrilaren 22a, osteguna


Hemen ikusgai dauden gainerako formatuen edukia PDF dokumentu elektroniko ofizial eta jatorrizkoa eraldatuz lortu da

XEDAPEN OROKORRAK

SEGURTASUN SAILA
308

1/2015 DEKRETUA, urtarrilaren 13koa, zeinaren bidez onartzen baita berrazterketa berezi bat egitea «Larrialdiei Aurre Egiteko Bidea - LABI» deritzan Euskadiko Herri Babeseko Planean.

Euskadiko Herri Babeseko Plana edo «Larrialdiei Aurregiteko Bidea-LABI» Gobernu Kontseiluaren akordio bidez onartu zen, 1997ko ekainaren 24ko bileran, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak aldeko irizpena eman eta gero.

Euskal Autonomia Erkidegoan, plan hori dugu larrialdien kudeaketa antolatzeko tresna nagusia; hor dauzkagu zehazturik plangintza-lan horrek Euskadin bete behar dituen irizpide orokorrak; hor dago taxuturik babes zibila erakunde-maila guztietan planifikatzeko prozesu osoa; eta hor dago taxuturik orobat Euskadiko babes zibilerako lurralde-plana bera, hau da, antolakuntza-eredu orokor edo arrisku askotarako bat, balio duena hondamendi-larrialdiei aurre egiteko, haietarako plangintza berezirik eduki ez, eta zuzentze-lanak edo koordinazio-lanak erkidego-mailan egin behar direnean.

Indarraldia eta operatibitatea noiz-nola errebisatu behar zaizkion ere badakar. Berrazterketa batzuk urtero-urtero egin daitezke, esate baterako baliabideei eta bitartekoei buruzko informazioan ezer aldatu behar bada, edo mantenimendu-programaren garapenean antzemandako hobekuntzak ere biltzeko; edo berrazterketa bereziak egin daitezke, baldin eta eskarmentuak edo arauetan edo antolakuntzan izandako aldaketek planaren funtsezko zatietan eraginik badute.

Joan da denbora apur bat martxan jarri zenez geroztik, eta bitarte horretan ikusi-ikasiak erakutsi digu LABIren operatibitatea aldatzea komeni dela, babes zibilerako planen –hainbat baitago– edukiak berdintzeko, eta hartara, guztietan ere larrialdi-fase berberak egon daitezen aurreikusita. Alerta-aldien, larrialdi-aldien eta errekuperazio-aldien definizioa eta martxan jartzea da aztertu beharrekoa.

Horregatik guztiagatik, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilerako Batzordeak txostena egin ondoren, Segurtasuneko sailburuak proposaturik, eta Jaurlaritzak 2015ko urtarrilaren 13ko bileran eztabaidatu ondoren,

XEDATU DUT

Artikulu bakarra.– Euskadiko Herri Babeseko Planean (LABIn) berrazterketa berezi bat egitea.

1.– Euskadiko Herri Babeseko Planean (LABIn) berrazterketa berezi bat egitea onartzea. Plana bera ekainaren 24ko 153/1997 Dekretuaren bidez onartu zen: han onartu zen Larrialdiei Aurre egiteko Bidea-LABI Euskadiko Babes Zibilaren Plana, eta han arautu ziren larrialdiei aurre egiteko euskal sisteman sartzeko mekanismoak.

2.– Berrazterketa horren ondorioz, Euskal Autonomia Erkidegoko Babes Zibilaren Planeko V. tituluko III. kapitulua, planaren operatibitateari buruzkoa, aurrerantzean, dekretu honen eranskinean idatzita dagoen bezala geratuko da.

AZKEN XEDAPENA.– Dekretu hau Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean sartuko da indarrean.

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 13a.

Lehendakaria,

IÑIGO URKULLU RENTERIA.

Segurtasuneko sailburua,

ESTEFANÍA BELTRÁN DE HEREDIA ARRONIZ.

URTARRILAREN 13KO 1/2015 DEKRETUARENA ERANSKINA
III. ATALBURUA
OPERATIBITATEA
1.– KONTZEPTUEN ETA LARRIALDI-FASEEN DEFINIZIOA

1.– 1. Kontzeptua.

Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana operatiboa izan dadin, ezinbestekoa da aldez aurretik estrategia- eta neurri-multzo bat planifikatuta izatea, larrialdiaren eremua eta larritasun-maila aintzat hartuta, plana martxan jarri ahal izateko. Beraz, horrek berekin dakar planaren edukia malgua izatea, hura aplikatuko den lekuari, uneari eta larrialdi-motari dagokienez. Horretarako, hainbat mailatako ekintzak edo esku-hartzeak aurreikusi behar dira, egoeren eta larrialdiaren faseen arabera.

1.2.– Alerta-fasea.

Alerta-fasean, larrialdiren bat gerta daitekeela aurreikusten da. Larrialdi hori oraindik gertatu ez bada ere, zirkunstantziak zer-nolakoak diren ikusita eta egoerak okerrera eginez gero, gertatu egin daiteke. Kasu gehienetan, larrialdi-aurreikuspen horiek iragarpen meteorologikoetan daude oinarrituta, eta fenomeno naturalekin egoten dira lotuta. Dena den, beste eremu batzuetan ere gerta daitezke, nola teknologikoetan hala antropikoetan.

1.3.– Larrialdi-faseak.

Larrialdi-fasean, dagoeneko gertatu dira kalteak edo aparteko gorabeherak, eta, ondorioz, beharrezkoa da Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratutako zerbitzuen esku-hartzea. Esku-hartze hori ez da egoeraren jarraipena egitea bakarrik; izan ere, zuzeneko esku-hartzeak behar izaten dira, kalteak areagotu ez daitezen.

Fase honetan barne hartuta daude, halaber, aurreikuspenen larritasuna dela-eta aparteko neurriak hartzea eskatzen duten kasuak; adibidez, zerbitzu publikoak etetea, baliabideak konfiskatzea, eskubideak kentzea... Hori guztia egin daiteke, larrialdi-egoera oraindik gertatu ez bada ere.

Fase hau egoera hauetan dago banatuta:

1.3.1.– 0 egoera.

Udal-eremuko larrialdiak dira, eta toki- edo foru-mailako erantzunekin kontrolatzen dira.

Horrelakoetan, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren eginkizuna jarraipen- eta ebaluazio-lanak egitea da, eta, behar izanez gero, kasuan kasuko laguntzak bermatzea udal- eta foru-planetako zuzendaritzei.

Jarraipen- eta laguntza-egoera hau interfase bat da, eta aipatutako toki- eta foru-planak Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planean integratzeko aukera ematen du, baldin eta egoerak, okerrera egin duelako, hala eskatzen badu.

Egoera honetan barne hartuta daude larrialdiak gertatu osteko uneak ere; hau da, egoera oraindik ez denean behar bezain egonkorra larrialdia amaitutzat jotzeko eta, hortaz, errekuperazio-fasera igarotzeko.

1.3.2.– 1. egoera.

1. egoeran, larrialdiek eragin mugatua dute lurraldean, eta bertako biztanleria, ondasunak edo ingurumena erdi-mailako arriskuan jartzen dituzte. Horrelakoetan, gerta liteke Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde komunek erantzun koordinatua eman behar izatea, dela larrialdiak udalerri bati baino gehiagori eragiten dielako, dela Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren bitarteko eta baliabide propioak edo hari esleitutakoak aktibatzeko premia dagoelako.

1.3.3.– 2 egoera.

2. egoeran, larrialdiek -beren ezaugarriak, larritasuna edo arriskuaren hedadura direla-eta- udal- edo foru-erakundeen erantzuteko ahalmena gainditu egiten dute. Oso egoera larriak dira, eta lekuko biztanlerian, ondasunetan edo ingurumenean eragin handia dute (edo izan dezakete, baldin eta oraindik ezin bada ziur jakin bilakaera zer-nolakoa izango den).

1.3.4.– 3 egoera.

3. egoerako kasuetan, autonomia-erkidegoaz gaindiko interesa egoten da, Babes Zibileko Oinarrizko Arauan aurreikusitakoaren arabera.

1.4.– Errekuperazio-fasea.

Errekuperazio-fasean, dagoeneko larrialdia amaitutzat jo da, eta ez dago hura berriz pizteko aukera handiegirik.

Fase honetan ematen zaizkie biktimei arreta, ostatua, laguntza psikologikoa, osasun-arreta eta halakoak. Larrialdia piztu bezain laster hasi behar da lan horiek guztiak egiten, baina, fase honetan, larrialdiaren fokua kontrolatu eta arriskua desagertu ostean heltzen zaie.

2.– EUSKADIKO BABES ZIBILEKO LURRALDE-PLANA AKTIBATZEA.

2.1.– Kontzeptua.

Agintari eskudunak Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana abiaraztea da.

Plana aktibatuko da, baldin eta, egoeraren larritasuna dela-eta, plan horretan jasotako erantzun-egitura osorik edo partzialki martxan jarri behar bada.

Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren aktibazioa, bai eta alerta-fasea ere, biztanleriari jakinarazi beharko zaio, planean bertan ezarritako bitartekoen bidez.

Plan honen operatibitateak eskatzen duen malgutasuna dela-eta, funtsezkoa da planaren hainbat aplikazio-modu ezartzea, honako hauen arabera:

a) Aurreikusitako larrialdi-egoera bakoitza.

b) Gertakariaren bilakaera, dela larrialdia bat-batean piztu bada dela arriskuaren bilakaera motelaren ondorio bada.

c) Lurraldean duen eragina, horren arabera aktibatuko baita plana eremu jakin baterako bakarrik edota lurralde osorako.

2.2.– Aplikazio-moduak, larrialdi-fasearen edo -egoeraren arabera.

2.2.1.– Alerta-fasea.

Fase honetan, taktika eta protokolo espezifikoak aktibatuta egongo dira, egoera larri bat gertatzeko aukera dagoela pentsarazten duten adierazleen jarraipena egiteko. Kasu batzuetan, egoeraren ezaugarrien arabera, zenbait bitarteko eta baliabide operatibo mobilizatu beharko dira.

Oro har, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren alerta-faseak zera dakar berekin:

a) Egoeraren etengabeko jarraipena egiten da.

b) Garrantzitsua izan daitekeen informazioa jakinarazten da, bai zerbitzu jarduleei bai biztanleriari.

c) Fase honetan, langileak hurbiltzeko edo lekualdatzeko mugimenduak egin daitezke.

d) Larrialdi-fasean beharrezkoak izan daitezkeen prozedurak, bitartekoak eta baliabideak egiaztatzen dira, batik bat ohiz kanpoko egoerak badira.

2.2.2.– Larrialdi-faseak.

2.2.2.1.– 0 egoera.

Egoera honetan, dagokion toki- edo foru-agintariak egingo ditu aplikatutako larrialdi-planaren zuzendaritza-lanak. Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planak jarraipen- eta ebaluazio-lanak egingo ditu, eta, behar izanez gero, aipatutako planen zuzendaritzei kasuan kasuko laguntzak emango zaizkiela bermatuko die, bai eta, egoerak hala eskatzen badu, plan horiek Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planean erabat integratuko direla ere.

Horrelakoetan, ez da aktibatzen Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Plana, larrialdiaren aurreko egoeratzat jo baitaitezke.

Dena den, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planeko baliabideen zati bat mobilizatu daiteke, laguntza-lanak egiteko, ekintza-taldeei abisu emateko edo babes-neurriak prestatzeko. Normalean, egoera honetan, beti aktibatuta egongo dira gorabeheraren araberako taktika operatiboak.

Egoera honetako ekintzak garrantzi handikoak dira, haietan oinarritzen baita goragoko mailetan beharrezkoak izan litezkeen ekintzen alderdi prebentiboa.

Bestalde, 0 egoeran, baldin eta egoki irizten bada, aholku-kontseilua biltzeko deialdiaren aurreabisua edo deialdia bera egin daiteke.

Larrialdia eragin duen arriskua kontrolatuta dagoenean, eta gorabehera gertatu aurreko normaltasunera itzuli bitartean, planak jarraipen-lanak egingo ditu, egoerak okerrera egiten ote duen ikusteko; ez da oso ohikoa, baina gerta liteke. Jarraipen-lan hori, batik bat, ohiko larrialdi-zerbitzuen bidez egiten da.

2.2.2.2.– 1 egoera.

Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planari dagokio 1. egoera deklaratzea, bere ekimenez edota udal- edo foru-agintariek eskatuta.

Egoera honetan, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren eginkizuna izango da koordinazio- eta laguntza-lanak egitea, planaren bitarteko propioak edo hari esleitutakoak erabiliz, eta planean bertan aurreikusitako babes-neurriak hartuz.

Larrialdiak udalerri bakarrari eragiten badio, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren zuzendaritzak dagokion tokiko planaren zuzendaritzaren esku utz dezake erantzunaren koordinazioa lekuan bertan egiteko lana. Kasu horretan, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren zuzendaritzak baliabide propioen aginteari eutsiko dio.

2.2.2.3.– 2 egoera.

Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planari dagokio 2. egoera deklaratzea, bere ekimenez edota udal- edo foru-agintariek eskatuta.

Horrelakoetan, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren zuzendaritzaren ardura izango da ekintza guzti-guztiak zuzentzea eta koordinatzea, planean aurreikusitakoaren arabera.

Egoera honetan, oinarrizko zerbitzu publikoen birgaitzearekin lotutako konponketa-neurriak aplika daitezke, zerbitzu horiek ez egoteak, bere horretan, larrialdi bat badakar edo ekintzen garapen egokia oztopatzen badu.

Normaltasuna itzuli dela deklaratuko da larrialdi-egoera eragin duten faktoreak desagertzen direnean eta haren ondorioek herritarrentzako edo ondasunentzako arriskutsu izateari uzten diotenean.

2.2.2.4.– 3 egoera.

3. egoera deklaratuko da autonomia-erkidegoaz gaindiko interesa dagoenean, Babes Zibileko Oinarrizko Arauan aurreikusitakoaren arabera.

Egoera honetan, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren zuzendaritzak agintari bat izendatuko du, eta estatuko administrazioak izendatutakoarekin batera, zuzendaritza-batzordea osatuko dute. Estatuko ordezkariak egingo ditu zuzendari-lanak, berariaz beste norbaiten esku uzten dituen kasuetan izan ezik.

Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren zuzendaritzak, zuzendaritza-batzordearen jarraibideak betez, planean jasota datozen baliabide propioak eta esleitutakoak koordinatzen jarraituko du. Ekintzak Koordinatzeko Zentroa (CECOP), beraz, Ekintzak Koordinatzeko Zentro Integratu (CECOPI) bihurtuko da.

2.2.3.– Errekuperazio-fasea.

Fase hau inplizituki aktibatutzat joko da larrialdi-fasea (edozein egoeratan dagoela ere) desaktibatzen den unean bertan.

Une horretan, agintari eskudunek beharrezko errekuperazio-lanei ekingo diete, eragindako kalteak zer-nolakoak izan diren kontuan hartuta. Batik bat larrialdiaren biktimengan eta kaltetuengan jarriko dute arreta, eta, horretarako, Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sisteman integratutako zerbitzuen laguntza jasoko dute. Fase honetan gertatutakoaren analisi kritikoa ere egingo da, bai arriskuen azterketarekin lotutako arloei dagokienez bai larrialdiaren kudeaketari dagokionez.

3.– UDAL- ETA FORU-PLANETAKO AGINTARIEN ETA ARDURADUNEN ETA EUSKADIKO BABES ZIBILEKO LURRALDE-PLANEKOEN ARTEKO INTERFASEA.

3.1.– Udal- eta foru-planak aktibatzearen jakinarazpena.

Udal- edo foru-plan bat aktibatzen denean, planaren zuzendaritzak aktibazioaren berri emango du Larrialdiak Koordinatzeko Zentroen (SOS-Deiak) bidez. Gainera, aldian behin, egoeraren bilakaerari eta ekintzen garapenari buruzko informazioa emango du, larrialdiaren larritasunari buruzko aurreikuspenak eta aldaketak zein diren adieraziko du, eta larrialdiaren amaieraren berri emango du.

Bereziki garrantzitsua da jakinarazpena berehala egitea, baldin eta larrialdiari erantzuteko nahikoa gaitasun ez duela aurreikusten edo berresten badu, eskuragarri ez dauden baliabideen premia larria badago, edo larrialdiak, lurralde horri ez ezik, beste bati ere eragingo badio.

3.2.– Planen arteko interfasea.

Goragoko mailako planekin koordinazioa bermatze aldera, Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planeko 0 egoeran gaudenean, larrialdi-kontuetan eskumena duen Eusko Jaurlaritzako zuzendaritzako ordezkari bat batuko da aplikatzen ari den planaren zuzendaritzaren aholku-kontseilura.

Planaren titularraren esku ez dauden bitartekoak eta baliabideak mobilizatzeko eskaerak Larrialdiak Koordinatzeko Zentroen (SOS-Deiak) bidez bideratuko dira.

Euskadiko Babes Zibileko Lurralde Planaren 1. egoera edo goragoko mailako bat aktibatzeak berekin ekarriko du eraginpekoak diren beheragoko mailako planak integratzea, bai eta automatikoki aktibatzea ere, baldin eta aurretik martxan egongo ez balira.

3.3.– Udal- eta foru-agintariei jakinaraztea.

CECOP/CECOPIren bidez, eraginpeko udalerriei eta lurralde historikoei berehala helaraziko zaizkie autonomia-erkidegoko edo estatuko agintariek alerta-egoeren, alarmen, eta planen aktibazioen eta desaktibazioen inguruan egiten dituzten adierazpen edo jakinarazpen guztiak, bai eta haiei eragin diezaieketen arrisku- edo hondamen-egoerei buruzko gainerako informazio guztia ere.

4.– JAKINARAZPENAK.

4.– 1. Kontzeptua.

Larrialdi-egoera bat aurreikusten dela jakinaraztea da, edota dagokien agintariei komunikatzea jasotako alerta- edo larrialdi-egoeretako bat deklaratu dela.

Eraginpeko edo esku hartzera deitutako agintariei helarazitako jakinarazpenez gain, fase eta egoera guztien berri eman behar zaie herritarrei, zerbitzuei eta erakundeei, baldin eta kalteak jasan baditzakete edo haien laguntza beharrezkoa bada gorabehera kudeatzeko. Horrek guztiak hainbat helburu ditu: arreta- eta zaintza-egoera bat piztea, arriskua sortzen edo sor dezaketen faktoreak kontrolatzeko; prestaketa-lanak egitea, erantzun-denborak murrizteko eta azkar esku hartzeko; eta adi egotea, informazio berria jasotzeko eta arriskuari edo gertaera katastrofikoari aurre egiteko babes-neurriak hartzeko.

4.2.– Zer agintarik jasoko dituzten jakinarazpenak.

4.2.1.– Alerta-fasea eta 0 egoera: Jakinarazpena egiteko, arriskua eta haren eraginpeko eremua hartuko dira kontuan, eta Larrialdiak Koordinatzeko Zentroetan (SOS-Deiak) ezarritako protokoloak beteko dira.

4.2.2.– 1. egoera eta hortik aurrerakoak: Lehendakariari, gobernuaren ordezkariari, eta eraginpeko udal- edo- foru-planen zuzendaritzei helaraziko zaizkie jakinarazpenak, bai eta planari giza baliabideak edo baliabide materialak ematen dizkieten gainerako agintariei edo zerbitzuei ere.

5.– PROZEDURA OPERATIBOA.

Planaren zuzendaritzak, egoera bakoitzean zer ekintza egin behar diren hausnartzen duenean, gertakariaren zirkunstantzia eta ondorio guztiak aztertuko ditu, bere plangintza operatiboa errealitatetik ahalik eta hurbilen egon dadin.

Zehaztasun horren xedea ekintzen arteko koordinazioa nabarmen hobetzea da. Gainera, ekintzak berak arrazionalizatzeko modu bat ere bada.

Dena den, malgutasun pixka batez finkatu behar da egoera bakoitzerako ekintzak zer, nola eta non egin behar diren; hau da, ez dira xehe-xehe finkatu behar, ekintzak zorrotzegiak izatea ekarriko bailuke horrek. Hala eta guztiz ere, plangintzak ez du gidalerro lauso batzuetara mugatu behar.

Nolanahi ere, plangintza operatiboak alderdi hauek barne hartuko ditu:

– Ondorioak ebaluatzea.

– Egoera aztertzea.

– Ezarri beharreko aginte-postu aurreratuak zehaztea.

– Ekintzen eremua zehaztea, eta esku-hartzearen, sorospenaren eta gune nagusiaren eremuak ezartzea.

– Hartu beharreko interbentzio-, babes-, sorospen- eta konponketa-neurriak zehaztea.

– Erabili beharreko bitartekoak eta baliabideak zehaztea.

Ekintza horiek guztiak zehaztu ostean, ekintza-talde bakoitzak bere jarduna egokituko du, aurreikusitako egoera bakoitzerako ezarritako ekintza-prozeduren arabera eta aginte bateratuaren esparruaren baitan.


Azterketa dokumentala